«Norbaitek jipoitzen zaituenean ez zaitu maite, hori argi dago»

ttipi-ttapa 2006ko azaroaren 13a

Ainhoa GUEMES Bortzirietako Berdintasun Arloa ttipi-ttapa

• Emakumeek jasaten duten bortxakeriaren kontrako eguna izanen da azaroaren 25a. Kari horretara, Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak eta Berdintasun Arloak zenbait ekitaldi antolatu dituzte.

• Azaroaren 21ean «Ni ez naiz zure panpina» bideo emanaldia eskainiko da Lesakako pleno aretoan, 19:00etan. Azaroaren 24an, Merche Arzak «Biolentzia sexistari aurre eginez» solasaldia eskainiko du Berako Kultur Etxean, 20:00etan.

Zer modutan ageri daiteke emakumearen aurkako bortxakeria?

Beti aipatzen dugu bortizkeri mota ezberdinak daudela, psikologikoa, alde batetik eta fisikoa bestetik. Baina horien barruan ere modu asko daude emakume bat erasotzeko, batzuk sotilagoak, besteak biolentoagoak… Europa osoa kontuan hartuz, urtero ehun emakume hiltzen dituzte gizonek eta hori da biolentoena.

Bortizkeri psikologikoa aipatzen duzunean, zer da zehazki?

Eguneroko bizitzan jasan behar dituzun erasoak dira: lan arloan, emakume izateagatik lan bat lortzeko ezaugarri berezi batzuk izan behar dituzu; haurdun bazaude ez dizute lanik emango eta hori ere, gure ustez, emakumeen kontrako bortizkeria da. Psikologikoa izan daiteke kolpeak ez jasotzea, baina irainak egunero…

Bortxakeri kasu bat ezagutzen badugu, nola jokatu behar da?

Beti ere erasotzailea baztertu behar dugu, gizon horiek nortzuk diren detektatu, herri ttiki hauetan erraza da, jendeak elkar ezagutzen du eta nahiz eta etxe barruan gertatu, auzokoek izan dezakete etxe horretan gertatzen denaren ideia bat. Orduan, herriaren erantzuna behar da erasotzailearen kontra, inondik inora ezin gara isildu. Gaur egun laguntzeko bideak badauden arren, emakumearentzat oso zaila da hori salatzea, behin salatuta gizona biolentoagoa bihurtzen baita eta bere bizia arriskuan jartzen duelako.

Inguru honetan zer azpiegitura daude bortizkeria salatzeko eta emakume hauek laguntzeko?

Bide bat Gizarte Zerbitzuetako telefonora deitzea da eta hemengo gizarte langileek lagunduko zuten emakume hori bideratzen, Nafarroa osoan badaude harrera-etxeak, hor egun batzuk egon daitezke ongi zainduta, egun txar horiek jendearekin pasatzeko. Beste aldetik 112 telefonoan ere erraz bideratzen dute arazoa. Emakumeak gero erabaki behar du salatzea edo ez salatzea, beti errespetatu behar dugu bere erabakia.

Kasu batzuetan emakumeak errudun sentitzen dira… Zergatik?
Sistema patriarkal honetan eta kristautasunean ere, emakumea beti erruduna da, bekatua zabaltzen duena. Heziketa hori izan dugu, baina zama horretaz askatu behar dugu, ez dugu pentsatu behar beti gauzak gaizki egiten ditugula, ez garela gai ezertarako, eraso psikologikoetan askotan aipatzen diren gauzak dira horiek…Aurtengo leloa horixe da, «Ni ez naiz zure panpina», adierazteko pertsonak garela eta nahi duguna egiteko gai garela, ez gaudela inoren menpe.

Egoera ez salatzeko batzutan maitasuna edo haurrak aipatzen dira… Aitzaki horren gibelean gordetzen diren emakumeak zertaz ohartu behar dira?
Norbaitek jipoitzen bazaitu ez zaitu maite, hori argi dago. Maiteminduta zaudenean zaila da hori onartzea. Haurrei dagokienez, gaur egun emakumeek baditugu baliabideak haurrekin bakarrik bizitzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun