Arkupeak elkarteak omenaldia eginen Felipe Ganboari

ttipi-ttapa 2006ko azaroaren 13a

Arkupeak erretiratuen elkarteko sortzaileetako bat da Felipe Ganboa eta azkeneko 20 urteotan presidente kargua bete du. Abenduaren 16an ongi merezitako omenaldia hartuko du elkarteko bazkideen eskutik

Abenduaren 16ko bazkaria 20 urteotako presidentearen ohorez

Arkupeak erretiratuen elkarteak abenduaren 16an eginen duen urte bukaerako bazkaria aprobetxatuko du presidente karguan 20 urte eman dituen Felipe Ganboa omentzeko. Besta eguna 11:30ean Doneztebeko elizan, aurten hil diren kideen omenez emanen den mezarekin, hasiko dute. Bazkaria 13:30ean izanen da kiroldegian, Marisol jatetxearen eskutik. Ohi bezala, bazkal ondoan dantzaldia izanen da 19:00ak arte. Menu berezian, arrain zopa, fritoak, otarrainxkak plantxan, limoi-sorbetea, entsalada, bildots errea patatekin eta bukatzeko txanpaina, tarta eta izozkia izanen dute, ardo, kafe eta koparekin hornitua.

Ospakizun horretan parte hartu nahi dutenek, 30 euro ordainduz izena eman beharko dute nahitaez azaroaren 13tik 23ra elkartera deituz 20:00etatik aitzinera edo delegatuekin kontaktuan jarriz. Joan etorriak egiteko autobusak hainbat lekuetatik aterako dira: Goizueta eta Zugarramurditik 9:30ean; Irun eta Leitzatik 10:00etan; Ezkurratik 10:15ean; Bera, Etxalar, Elizondo eta Almandoztik 10:30ean eta Zubieta, Sunbilla eta Oronoztik 10:45ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun