Iaz baino hildako guttiago Nafarroako errepideetan

Aitor AROTZENA 2006ko azaroaren 7a

2005eko lehen 10 hilabetetan 11 lagun hil ziren N-121-A errepidean, aurten 3 dira

2006ko urtarriletik urrira 49 hildako izan dira Nafarroako errepideetan, joan den urtean garai berean baino %39,5a guttiago. Izan ere 81 hildako izan ziren iazko lehendabiziko hamar hilabeteetan.

Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusitik jakinarazi dutenez, urtarriletik urrira hildako 49 lagun horietatik 3 adin ttikikoak ziren, 18 eta 35 urte arteko 19, 36 eta 45 urte arteko 6 eta 46 urtez goitiko 21 ziren. Erdia baino gehiago (28) auto edo kamioian zebiltzan, 10 motoan, 8 oinezkoak ziren eta 3 txirrindulariak.

Nafarroako Gobernutik jakinarazi dutenez, arreta berezia duten errepideetan nabarmen jautsi da hildakoen kopurua. N-121A errepidean, erraterako, 3 hildako izan dira urteko lehen hamar hilabeteetan eta iaz 11 izan ziren garai berean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun