N-121 errepidea, Beratik Behobiara

ttipi-ttapa 2006ko azaroaren 7a

Utzitako argazkiak

Nafarroako Gobernuak Endarlatsa artekoa akautzen duen momentuan hortik Behobiarakoa eginen dela erran zigun Gipuzkoako diputatuak

Antton Jaime, Gipuzkoako Diputazio errepidearekin egindako bileran, Bera-Behobia zatia noiz eta nola konpondu behar duten behingoz argitzea eskatu genion, lehen zegoen diputatuari eskatzen genion gauza bera. Nafarroako Gobernuarekin duten harremana behingoz konpontzea eta jabetzaren arazoa behingoz alde batera uztea. Eta ez badute uzten ere, bederen elkarrekin eseraraztea eta hitzarmen bat lortzeko bidea paratzea. Jabetzarena ez zutela alde batera utziko erantzun zigun, beraientzat garrantzitsua delakoz. Nafarroak Endarlatsaraino konpontzen duen momentutik, eurek Endarlatsatik Behobiara moldatuko dutela erran zuen. Horretarako, partikularrei terrenoak espropiatuko dizkiote, baina baita Nafarroako Gobernuari ere. Arazorik handiena hor ikusten dut: Nafarroak mantendu nahi du titularitatea eta Gipuzkoak, errepide berria egin behar denez eta 1851n karretera egin zenean zeuden arazoak ez daudenez orain, beretzat nahi du. Gipuzkoan dauden errepide guziak kondiziotan mantentzeko gai dira orain. Beratik Endarlatsa bitarteko zatiaren lanak 2005. urtera arte ez direla akautuko kontuan hartuz, Gipuzkoako Diputazioak segidan eginen lukeela erran zigun. Niri sobera luze iruditzen zait 2006. urtera arte espetu behar izatea eta honela erran genion berari ere, guk ezin genuela herrira etorri eta presentatzen ahal proiektu hori. Epe hori laburtzeko aukerak aztertzea eskatu genion. Ez zuen, ez baietz ez ezetz erran. Nafarroak egiten duen momentuan berak eginen zuela erran zuen, inolako fetxarik paratu gabe. Hori bai, diputazioaren akordio bat eman zigun, Nafarroari titularitatea onez on eskatuz, horrek epea aunitz laburtu eta bi aldeen arteko harremana hobetuko lukeelakoan. Orain, Nafarroako Gobernuak Igantzi eta Bera arteko errepidearen lizitazioa onartu du. Dudarik ez dago errepidearen aferak luze joko duela, oraindik proiektuetaz ari baigara solasean eta proiektua onartu ondotik, obrak hasi eta bukatu arte izanen dira bere arazoak. Guk ez onartu arren, 2006. urtea ailegatuko da errepideaz mintzatzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun