Urdazubi-Baztango Santiago Bideko Lagunak bidea berreskuratzen ari dira

Rakel GOÑI 2006ko azaroaren 7a

Urdazubin dagoen kisulabe hau lurrarekin guztiz estalia zegoen. Iaz berreskuratu zuten udan lanean aritu ziren Europa osoko gazteek. Utzitako argazkiak

2004ean ibilbidea osatua egotea nahi dute

Urdazubi-Baztango Santiago B¡deko Lagunak Elkartea duela urte eta erdi sortu zen Done Jakueren bidea zaindu, erromesei ostatu eman edo, bertzeak bertze, galduak ziren erakin eta monumentuak berreskuratzeko. Oraingoz 50 kide dira elkartean, baina, pixkanaka handitzen joan nahi dute proiektu guziak aitzinet ateratzeko. 2004an urte Xakobeoa ospatuko da, ordurako Urdazubitik Belateraino doan, Done Jakue bidea erromesentzat erabilgarria izatea nahi dute.

2000. urteko irailaren 27an Urdazubi-Baztango Santiagoko Bideko Lagunen Elkartea osatu zen. Gaur egun 50 kide dira eta bere helbururik nagusiena, Urdazubitik Belateko Monastegira doan Done Jakue (Saint Jacques) bidea moldatzea eta berreskuratzea da. Bertzalde, bide hau egiten duten erromesei ostatu ematea eta bidea zaintzen segitzea nahi dute elkarteko kideek.

Historia pixka bat

Garai batean merkatariek eta erromesek hartzen zuten biderik hautatuenari, «estrata» edo Baionara zihoan «maxima vía» deitu izan zitzaion. Bide hau Urdazubi eta Baztan zeharkatzen zituen Belateraino, Arre herrian, Orreagatik datorren bidearekin elkartzeko. Urdazubi-Baztango bidea, Orreagakoa baino errazagoa zen, Ibañeta eta Mezkiritzeko mendateak, Otsondo eta Belatekoak baino malkartsuagoak direlako. Erromesen zainketa Urdazubiko Monastegian eta Belateko ospitalean egiten zen.

Urdazubi-Baztango Santiago Bideko Lagunak

2000ko irailaren 27an elkartea sortu bazen ere, aitzinetik ekitaldi aunitzetan parte hartu zuten kideek. Suitza, Alemania edo Inglaterrako erromesekin bidea egin izan dute. 1989an Dax-Iruñea Ibilaldian ere, parte hartu zuten batzuk. Geroztik, Urdazubi eta Baztandik pasatzen diren erromesei laguntzen saiatzen dira Santiago Bideko lagunak.

Elkartearenhelburu zehatzak

Iaz Urdazubitik Otsondoraino doan Done Jakue bidearen zatia berreskuratu zuten. Udalekuetara etorritako Europa osoko gaztetxoen laguntzarekin, inguru honetan agertu den kisulabea (beheko argazkian ageri dena) garbitu eta berreraikitzea lortu dute. «Aurten ere Amaiurtik Lekarozeraino doan bide zatia berreskuratu nahi dugu, elkarteko kideen artean eta udalekuetara etorriko diren Europako gazteen artean. 2003an Belateraino iristea espero da. Honela 2004an, Done Jakue urtean, bide osoa erromesentzat bereziki eta nahi duen guztiarentzat ere erabilgarria izatea espero dugu.» azaldu du Luis Mari Ruizek, elkarteko idazkariak.

Bideko aterpeak

2000ko urriaren 29an Azkain, Sara, Zugarramurdi ibilbidean, hiru elkarte bildu ziren: Akitaniako, Nafarroako eta Urdazubi-Baztango Santiago bideko lagunak. Hiruen artean Ustaritzen aterpe bat eraiki beharra ikusi zuten, etapa luzeak saihesteko. Honekin batera Urdazubin ere erromesek lo egiteko tokia bilatu behar zela pentsatu zuten. Nafarroako artzapezpikutzak Urdazubiko Monastegiaren zati bat utziko du aterpea eraiki ahal izateko. Lekarozko aterpeak ere zenbait gela moldatu ditu erromesak hartzeko. Luis Mari Ruizen ustez«Urdazubitik Lekarozeraino doan bidea batzuentzak sobera luzea izanen dela uste dugu. Horregatik, Amaiurren ere ohatzeak jartzea gustatuko litzaiguke. Momentuz, Amaiurko herriak Herriko Etxeko sabaia utziko digu udan lanera datozen gazteak bertan ostatu hartzeko».

Orreagatik 26.000 erromes baino gehiago pasatu ziren iaz
Orreagatik igarotzen den Santiagoko Bidetik iaz 26.000 erromes baino gehiago pasatu ziren. Nafarroako Santiago Bideko Lagunen Elkartearen arabera Orreaga inguruan, dagoeneko, ez dago modurik hainbertze erromes hartzeko. Horregatik, Urdazubi eta Baztandik pasatzen den bidea berreskuratzearekin erromesak gehiago bana daitezke, eta zerbitzu hobeagoa jaso dezakete.
Urdazubi-Baztango Santiago Bideko Lagunen elkartean, gai honetan interesatua dagoen edonor sar daiteke. Nahikoa da lan egiteko gogo pixka bat izatea eta urteroko kuota bat ordaintzea. Familiaka, 30,05 euro dira eta banaka 18,03 euro. Jose Mari Garmendiarengana zuzendu behar dira interesa dutenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun