• Gure Irratiak abenduaren 24an 20 urte bete zituen. Une txarrak gaindituta, egun 17 langile aritzen dira bertan. Egoitza nagusia Baionan egon arren, Lapurdiko herri gehienetara iritsi nahi dute emisioekin. Hurbiltasunezko irratia egitea izan da irratiaren helburua sortu zenentik
• Dani Duhalde 1999an Gure Irratiaren administrazio kontseiluan lanean hasi zen. Irratiaren XX. urteurrenean komunikabideen aitzinean prentsa arduraduna izan da.
Nola sortu zen Gure Irratia? Zein helbururekin?
Jende batzuk eskuarazko irrati bat egin nahi zuten. Garai hartan ez zen eskuarazko irratirik eta gure hizkuntza behar zen plazaratu. Familietan eta eguneroko bizian euskara gutti mintzatzen zen. Orduan sortzaileek ikusi zuten irratiak behar zuela hori bulkatu. Anitzek pentsatu zuten erokeria zela baina, 1981ean sortu zen irratia Milafrangan, teknikalariaren etxean hain zuzen ere. Irrati libreen garaia zen. François Mitterrandek irrati libreak arautzeko legedia egin zuen eta sortzaileak hontaz baliatu zen Gure Irratia martxan jartzeko. Ondotik pentsatu zuten behar zirela Baionarat hurbildu, BABra, eta inguruan zeuden euskaldun ainitzentzat zerbait egin. 1983an lehenbiziko lokala ukan ginuen.
Zeintzuk izan dira irratiak izan dituen arazorik nagusienak?
Ainitz elkarteetan bezala diru arazoak izan dira larrienak. 1986an arazo ideologikoak egon ziren, denak ez zeuden ados, ez zuten pentsamolde berdina, tirabira ainitz egon zen. Garai hartan ere ez zen lanpostu finkorik eta jende ainitz pasatu zen irratitik. Iparraldean ere zailtasunak baziren eskuaraz ari ziren kazetariak atxikitzeko. Biziki guttik bazuten formakuntza. Bakoitzak behar zuen bere jakitatearekin lan egin, amateurismoari lotutako lana egiten zen. 1992-93an krisi handi bat izan zen. Irratia ia hil zen, batetik diru arazoengatik eta beste aldetik ere tirabira ainitz bazirelako. Orduan erabaki bortitzak hartu ziren. Administrazio kontseilu berri bat osatu zen eta honek presidente bat izendatu zuen. Bera enpresa mundutik jiten zenez, hasi zen irrati barnean antolakuntza berri bat egiten. Lehenbiziko gauza zuzendari baten hartzea izan zen eta formakuntzarekin hasi zen. Irratia enpresa bihurtu zen. 1997an lokal berria ukan ginuen Baionan.
Zeintzuk dira Gure Irratiak dituen proiektuak?
Irratiak bere zutabeak ongi finkatuak ditu. Eta orain gelditzen dena da, hizkuntzari buruzko formakuntza segitzea. Komunikabide modernoa bihurtu behar dugu, eta hasiak gira, webgune bat sortu dugu eta eskuarazko kurtsoak ere interneten bidez ukaiten ahal dugu. Sortzaileen xedeen artean hurbiltasunezko irratia egitea zen, eta ideia hori nahi dugu atxiki, eta hastekoz bi estudio berri iriki ditugu. Bat Hazparnen, barnekoalderat hurbiltzeko eta jendeen bizitza eta arranguren lekuko izateko, eta bigarrena Hendaian.
Hurbiltasun hau bilatu nahirik Sara, Senpere eta Azkainen errepikagailuak jarri dituzue...
Bai, gure helburuetan teknika mailan aitzinamenduak egitea eta entzumena hobetzea dago. Bagenekien Azkainen eta Saran adibidez ez ginela ongi entzunak, eta lehenik Xareta eskualdean baimena ukan dugu emetteur bat ezartzeko eta ondotik Azkainen frekuentzia berri bat lortu dugu.