Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamenduak Leku Azpiegitura Planaren barnean, Baztan, Bertizarana, Donamaria, Ezkurra, Beintza-Labaien eta Leitzan inbertsioak egitea onartu du.
Baztan eta Bertizarana aldean, Zeberia errekatik Narbarte, Legasa, Oieregi eta Oronoz-Mugairira ura eramateko lanen bigarren fasea eginen da. Aurrekontua 19’29 milioi pezetakoa da, eta 15’16 milioi Nafarroako Gobernuak paratuko ditu.
Donamarian, urarentzat 2.000 metro hodi paratuko dira eta hamar arketa eginen dira. Lanaren aurrekontua 17’52 milioi pezetakoa da eta Toki Administrazio Departamenduak 13’80 milioi ordainduko ditu. Azkarraga auzoan, gainera, ur-biltegiak moldatuko dira eta karrikak zolaberritu eginen dira, 31 milioi pezetako aurrekontuarekin.
Ezkurrako hilerria moldatu eta 262 metro koadrotan zabaldu eginen da. Horretarako, alde bateko pareta bota eta berria eginen da. Aurrekontua 4,6 milioi pezetakoa da. Iruñetik 2,84 milioi pezetako inbertsioa eginen da.
Beintza-Labaienen ere kanposantua zabaldu eginen da, 526 metrotan. Guzira, 816 metro koadroko hilerria geldituko da. Aurrekontu osoa 15,34 milioi pezetakoa da eta Nafarroako Gobernuak 4,80 ordainduko ditu.
Leitzan azkenik, 26,84 milioi pezetako aurrekontua izanen du udaletxea moldatzeak.