Errege eguneko txokolatadarekin erran genion adio Eguberriei

Joseba eta Nerea 2006ko azaroaren 6a

Bi Olentzeroak, ilunabarreko mezaren ondotik atera ziren. TTIPI TTAPA

Haur andana bildu zen Larraburuak antolatzen duen berenduan

Abenduaren 24ean egiten zuen hotz ikaragarriari gogor eginez herritar aunitz bildu zen Olentzerori ongi-etorria egitera. Joan den urtean 3 Olentzero baziren ere, bi bakarrik ikusi ahal izan dira aurten. Bertze hainbat herritan arratsalde partean ateratzen badira Olentzeroak, Etxalarren ilunabarreko mezaren ondotik egin zuen urteroko herri-buelta. Herriko trikitilari eta txistularien laguntzaz inoiz baino herritar gehiago ibili zen Etxalarko karriketan barrena termometroan zero azpitik zeuden gradu guziei antzin eginez. Azken urteetan bezala, aurten ere guraso aunitz animatu zen baserritar arropa jauntzi eta haurrekin batera bestan parte hartzera. Aipatu, eguna akautzeko, etxez-etxe bildu zen diruarekin luntxa eman zela Elutsa ostatuan bildutako haur eta ez haurrentzat.

Errege eguneko txokolatada

Urteroko ohitura da Larraburua jubilatu elkarteak errege egunean, urtarrilak 6, herriko haurrentzat txokolatada ematea. Badira hamar bat urte egiten dela eta aurtengoa ere aski giro ederrean joan zen haur aunitz bildu baitzen. 17:30etan eman zen berenduaren ondotik hainbat opariren zozketa egin zen.

Gabonetako saskiak

Urtesasoi honetan ohitura da gabonetako saskiak zozketatzea eta horren lekuko dira Etxalarko 3 tiendak eta Elutsa ostatua. Hauek urtero ateratzen dute produktu desberdinez osaturiko saskia bezeroentzat zozketan eta hauexek izan dira aurten sarituak suertatu direnak: Landaburuko saskia Ageda Goienetxek eskuratu zuen. Arrigaraian bi saski zeuden: bat Tomasenera joan zen eta bertzea Arrineko Bordara. Ekitatibako saskia Harriko Pilarreri tokatu zitzaion eta Elutsakoa Bene Agirreri. Zorionak irabazle guziei!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun