Urriaren 26an Gipuzkoako Aldundiak Behobia eta Endarlatsaren artean N-121-A errepidea izanen duen ibilbide berria aurkeztu zien Bixente Arozena Arantzako alkateari, Juan Fermin Mitxelena Lesakako alkateari eta Javier Leiza Berako zinegotziari. Etxalarkoak eta Igantzikoak ere gomitatuak zeuden baina ezin izan zuten joan.
Gipuzkoako Aldundiak duela gutti onartu duen proiektuaren obrak heldu den urteko lehen hiru hilabeteetan hasiko dira eta 2009 hondarrean bukatuko. Nafarroan, Igantzi eta Endarlatsaren artean eginen diren obrekin batera eginen dira.
Trafiko arazoak saihesteko soluzioak
Bi urte hauetan obrek trafiko arazoak eraginen dituzte baina Bortzirietako ordezkarien erranetan, indar hori beharrezkoa da.
Oraindik ez dute zehaztua trafikoa nola kudeatuko duten. Baliteke Ibardindik ibilgailu gehiago pasatzea eta, beraz, Berako erdigunetik. Bertzalde, ahal den neurrian, trenbidea erabiltzea pentsatu dute, baina ibilgailu handien kasuan, trafikoa A15era bideratu beharko da. Saihesbideak ezinezkoak direnean, gaur egungo errepidetik pasaraziko da trafikoa. Gipuzkoa aldean eginen den N-121-A errepide berrian hiru karril izanen dira, tuneletan eta Puntxas eta Behobia artean izan ezik, non lau eginen diren. Hautatu duten proiektuaren arabera Lamiarrin eta Txaurretan tunelak zulatuko dituzte, 485 metrokoa eta 110 metrokoa. Gisa berean, 97, 86 eta 60 metroko bide-zubiak eraikiko dituzte. Hala ere, proiektu ikusgarriena, Bidasoa hunkituko ez duen Endarlatsako zubia izanen da. 190 metro luze izanen duen erakinaren bitartez N-121Ako Nafarroa eta Gipuzkoako aldeak elkartuko dituzte.
Proiektuaren barrenean bidegorria moldatuko dute gaur egungo errepidea eta lehengo trenbidea baliatuz.