Espainiako Gobernuak 5.000 milioi pezeta jasoko du eskualdetik

ttipi-ttapa 2006ko aza. 6a, 10:01

Batasunak egindako kalkuluen arabera, ttipi-ttaparen eremuko Nafarroako herriek aurten 5.178.218.583 ordainduko diote Madrilgo Gobernuari. Batasunak adierazi duenez, gure herrietatik 44.418.176 pezeta joanen dira Errege-Etxerako eta Organo Konstituzionaletarako, 113.091721 kanpo harremanetarako, bertze 853.831.059 pezeta Defentsa Ministeriorako eta 619.097.373 pezeta Barne Ministeriorako. Banaz bertze, bizilagun bakoitzak 190.000 pezeta ordainduko dizkio aurten Espainiako Gobernuari, Batasunaren ustez «hein handi batean gure herriaren kontra erabiltzen dituen eskumenak ordaintzeko, bertzeak bertze armada, Errege-Etxea eta polizia».

Batasunak agertu duenez, « beharrezkoa da ongi argitzea zein den gaur egun Kontzertu eta Komenio Ekonomikoek isladatzen duten errealitatea. Azterketa serio bat egiten badugu, segituan konturatuko gara Euskal Herriaren ukapen politiko eta ekonomikoaren bertze adierazle bat direla».

«Euskal Herriko menpekotasunaren adierazle argiak»

Datu hauek mahai gainean paratuta, Kontzertua eta Komenioa Euskal Herriko menpekotasunaren adierazleak bertzerik ez direla uste du Batasunak: «Non dago PNV-EA-IU-k eta UPN-k demagogikoki hainbertze aldarrikatzen duten Kontzertua eta Komenio Ekonomikoen autogobernuaren birtualitatea? Serioak izan gaitezen, Euskal Herriko menpekotasunaren eta partizioaren adierazle argiak bertzerik ez dira».

Kontzertu eta komenio ekonomikoak inposizio baten ondorio direla dio Batasunak: «Karlistadak galdu ondoren, Foruak kendu eta gero soberania fiskala ere galdu genuen. Harrezkero Estatu espainoleko egitura fiskalaren menpe gaude».

Batasunaren erranetan, Euskal Herri osorako burujabetza fiskalaren aldeko bidea egiten hasteko tenorea da. «Ez da momentua zenbait zerga biltzeko eta bertze batzuetan aldaketa ttiki batzuk proposatzeko. Garaia da Kontzertua eta Komenioa gaindituz burujabetza fiskalaren aldeko bidea egiten hasteko Euskal Herri osorako, behar dugun erritmoa markatuz eta estrategia amankomun baten inguruan indarrak bilduz. Kontuan eduki behar dugu Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereak ez dutela inolako ahamen fiskalik».
Zerga sistema aurrerakoia eta birbanatzailea antolatzeko lan egin eta borrokatzeko asmoa azaldu du Batasunak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun