Administrazioan Euskaraz Taldeak Gizarte Segurantzaren jokaera salatu nahi du.
Doneztebeko bulegoko bi lanpostu hornitu behar ditu bere funtzionarioei gordetako lehiaketa batean.
Donezteben %73,32 euskalduna da eta 12,87 ia euskalduna, azken erroldaren arabera. Euskara hizkuntza ofiziala da. Herritarrek euskara erabiltzeko eta euskaraz harrera izateko eskubidea dute. Euskararen Legearen arabera, Administrazio bakoitzak zehaztuko du zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta gainerakoentzat, kontuan hartzeko merezimendutzat hartuko da besteren artean.
Estatuko Administrazioarentzat hori txorakeriak dira. Gizarte Segurantzako Kudeatzaile argibide emaile eta Argibideko laguntzaileko lanpostuak betetzeko 2001.go azaroaren 30eko lehiaketa horretan ez du euskaraz jakitea eskatu eta ez du meritu moduan kontutan hartu.
Estatuko Enplegu Institutuak herri horretan bertan euskaldunak baztertzeko zabaldutako bideari jarraipena ematen dio horrela.
Gizarte Segurantzak eta, oro har, Estatuko Administrazioak ez dute Euskararen Legea betetzen. Bai, bai, «Legea gora Legea behera» aritzen diren horiek ez dute Legea betetzen.
Doneztebetik euskaldunak desagerrarazteko plangintza ote? Legearen muga gaindituta ere aurrera eramandakoa?
Administrazio euskalduna aldarrikatzerakoan, Estatuko Administrazioa ere barneratzen dugu. Euskal Herrian dagoen bitartean, euskaldunon zerbitzura egon behar duelako. Ez dugu bere axolagabekeria eta mespretxua oharkabean igarotzen utziko.
2002.go urtarrilaren 2an.
Administrazioan Euskaraz Taldea.Ordezkaria: Txema Oderiz Azkona (Etxarri)