Zeinuen hizkuntza: gorren eta muttuen komunikazio tresna ezezaguna

Rakel GOÑI 2006ko aza. 6a, 09:50

Elixabet Iturria arantzarra, zeinuen hizkuntza ikasten ari da Donostian. 3 urte beharko ditu ikastaroa akautzeko Rakel GOÑI

Jende guttik daki zeinuen hizkuntza erabiltzen

Gorreria edo sorreria, ikusten ez den munusbaliotasuna da. Horregatik, duen baino garrantzi ttikiagoa ematen diote aunitzek. Baina arazoa hor dago, eta gizarteak ezer gutti egiten du gorren bizi kalidadea hobetzeko. Guretzat arruntak diren eguneroko ekintza aunitz, txirrina edo ate joka entzuterakoan atea irekitzea, telefonoaren soinua, autoaren klaxona eta abar, arazoa bihurtzen dira gorrentzat. Gorrendako komunikatzea da gauzarik zailenetakoa. Gero eta gehiagok ikasten dute zeinuen hizkuntza, baina gehienetan ez dute norekin hitzegin. Hiru urte behar dira zeinuen hizkuntza ikasteko.

Garai batean gizarteak gorreria edo sorreria, eta baita gormutuak zirenak baztertzen zituen. Gorrei atzeratuak bailiran tratatzen zitzaien. Informazio falta, ezjakintasunak eta ezezagun denari beldurrak eragiten zuen egoera hau. Gaur egun, ordea, haur gorra edo mutua sortzen denetik hainbat baliabide ditu komunikatzen ikasteko. Gurasoek gehienetan izaten dute nora jo laguntzaren bila. Arazoa dator gizartearekin kontaktuak hasten direnean, edozein paper eskatzeko, telebistan ikusten dutena ulertzeko edo tabernan zerbait eskatzeko arazo handiak izaten dituzte. Beraiek komunikatzen dakitelako baina, entzuleak ulertzen ez duelako. Jende guttik daki zeinuen hizkuntza, eskuen eta gorputzaren atal ezberdinen (aurpegia batez ere) konbinaketekin egiten dena.

Elixabet Iturria

Elixabet Iturrria aranztarrak aspalditik zuen zeinuen hizkuntza ikasteko gogoa. Gizarte Hezitzaile ikasketak bukatzen ari da, eta iaz, zeinuen hizkuntzan matrikulatzen saiatu zenean, zerrenda handia zegoela erran zioten eta ezin izan zuen bere gogoa bete. «Aurten Donostian zentro berria irekiko zutela jakin nuen eta hantxen nengoen lehendabizikoa. Hartu egin naute eta baditu lau hilabete han naizela» dio pozik Elixabetek.
Bere ikasketekin bat zetorren esperientzia dela aitortzen du Elixabetek. Bere inguruan ez dago gormuturik baina gustatuko litzaioke eskualdean norbait baden jakitea zeinuen hizkuntzan aritzeko. Elixabeten irakaslea gorra da eta hasieratik «solastu» die zeinuekin. «Hagitz gaizki pasatu nuen lehendabiziko egunetan, ezin nintzelako irakaslearekin komunikatu. Berak hitzegiten du, baina ez da hizkuntza bera. Ahotikan saiatzen zara ea zerbaitere ulertzen diozun, baina oso zaila da. Irakasleak dio bera ez dela muttua, beno muttua dela gizarte honetan bizitzea tokatu zaiolako. Eta arrazoia du, bera komunikatzen da baina ez diogu ulertzen». Lehendabiziko egunean nahitaez alfabetoa ikasi behar izan zuen. Bi ordu t’erdi pasatzen ditu astean bi egunez, eta ikastaroak 3 urte iraungo ditu. «Momentuz ez dut uste eskualdean gai honeri lotuta deus dagoenik eta honek jarraitzeko gogoa ematen dit.»

Ez dira eskuak bakarrik erabiltzen

«Zeinuen hizkuntzan ez dira bakarrik eskuak erabiltzen, aurpegia eta gorputza nola jarri ikasi behar izan dut.» azaltzen du Iturriak. Entzuten dutenentzat oso zaila omen da gauzak komunikatzea ez baitute aurpegia ia erabiltzen. «Espresioa pila bat landu behar da. Behatzen forma berdina aunitzetan hitz desberdina da, orduan aurpegia da aldatzen dena.». Ikasleek klaseetan lotsa galtzen ikasi behar izan dute keinuak ikasteko. Azterketak ere egiten dizkiete, kamara baten aurrean izaten dira, dituzten akatsak zeintzuk diren ikusteko.

Herrialde bakoitzean zeinu ezberdinak

Herrialde bakoitzak bere zeinuen hizkuntza du. Benetazko oztopoa da gorrentzat, herrialdez aldatuz gero, bertze zeinuak ikasi behar dituztelako. «Ez dakit zergatik aldatzen den zeinuen hizkuntza herrialde batetik bertzera. Nik gaztelaniaz ikasi dut euskaraz ez dagoelako. Noski euskaraz ikasi nahiko nuke, baina bertzalde hizkuntza bakarra egotea iruditzen zait egokiena. Katalunian eurena dute, ziur Galizian bertzea badela, azken finean oztopoa da gormuttuentzat.» kexatzen da Elixabet. Zeinuen hizkuntza bakarrarekin denentzako hobe litzateke. Dena dela zeinuen hizkuntza praktikatzeko irrikitan dago. Momentuz ispiluarekin solastuz konformatzen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun