«Ez badituzu pixko bat zaintzen herri ttikiok zahartu egiten dira»

Aitor AROTZENA 2006ko azaroaren 6a

Jose Luis ESKUDERO Eratsungo alkatea Rakel GOÑI

• 50 urte ditu Etxeberriako Jose Luis Eskuderok. Aurrez bi aldiz Eratsungo zinegotzi izan da eta azken legealdi honetan alkate da. «Herri ttiki hauetan normala da, jende gutti izaten gara eta herriarentzako lanean aritzea suertatzen da». • Herri apartatua izanagatik, ez da langabezi arazorik Eratsunen: «Lanak egiteko ez duzu inor libre harrapatzen… Mariezkurrenarekin, Saralegirekin, batzuk Lesakara, besteak Leitzara… Ez da lan problemarik».

Zein dira Eratsunek begibistan dituen proiektu nagusiak?

Bide batzuk eta plantazioak egitea dira asmorik inportanteenak. Pastizalak ere aurrera ateratzeko asmoarekin gabiltza. Proiektua aurkeztua da, baina Ingurumen Departamenduak pixko bat gelditua du, ez dakit zergatik, baina aurrera aterako da.

Zer gustatuko litzaizuke egitea kargua utzi baino lehen?

Sartu nintzenean behar batzuk ikusten nituen, adibidez, hilerria txukuntzea. Zaharra zegoen, ttikia… sartu eta segidoan egin genuen lan hori: 5 metro koadroko hirurogeita gehiago partzela egin ziren, tartean pasilloarekin… oso majo gelditu zaigu. Orain gabiltza herriko gainkaldeko paretak moldatzen. Metro aunitz egin ditugu, zaharra bota, berria paratu, bidea zabaldu, losa jarri… Aurrera begira, plantazioak eta pistak, hori da gure borroka. Horixe egiten badugu gure lana betexea izanen da.

Nola moldatzen zarete, urte bukaeran kontuak kitatzeko?

Orain behinipein dirua negatibo daukagu, eta asko gainera. Frontoi oso polita egin da eta hor inbertsio handia egin zen. Poliki-poliki ordainduko da eta badut uste heldu den urterako kitto geldituko garela.

Mankomunitateak izaten ahal dira, zerbitzu bateratuak eskainiz, herri ttikiendako aterabidea?

Herri gehienetan arazo berdintsua izanen dugu: lan aunitz eta diru gutxi. Bakoitzak ahal dugun modura moldatzen saiatzen gara, ahal bezala ailegatuz. Orain, Mankomunidadeak lagungarriak dira guttieneko zerbitzuak eskuratzeko, zaborra… Malerrekako hortan sartuak gaude eta kontent gaude, ez dugu kejarik.

Zer da Eratsungo alkate izatearen alderik onena eta txarrena?
Ez dut uste txarrena denik, baina lana egin behar da. Herri ttiki hauek etxeak bezala dira: ez baduzu pixko bat zaintzen zahartu egiten dira. Zaindu, txukundu… baina horretarako betikoa, dirua behar da. Dirurik ez dagoenez, lana. Gainera, edozein gauza eginda ere, bizilagun guziekin ez duzu asmatzen. Gauzarik onena, aldi berean, egiten duzun lan hori da, gero gustora begiratzen duzu, herrirako mesede dela ikusten duzu.

Dirua falta denerako, auzolanak ere bere garrantzia izanen du…
Plan Trienalean bagenuen lan batzuk eskatuak eta ez dizkigute eman, baina aurrera atera beharko ditugu. Auzolanak hemen nahiko ongi funtzionatzen du. Batzuk eskapatu egiten dira, baina bada jende mukuru bat nahiko txukuna, langilea… Gustoa ematen du auzolana deitzearekin nola etortzen diren. Adibidez, hilerria dena auzolanean egin genuen.

Kanpotik begiratuta, Eratsun Retegiren herria da.
Retegitarrek famatu dute herria, bai, pilotari handiak izan baitira. Gainera, Julian zinegotzia da eta herrirako lanean ari da, horrek gustoa ematen du. Guretzako Retegi bizilagun bat gehiago da eta Eratsun gure herria da, denona.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun