Bai euskarari akordioa sinatu dute herrian 40 elkarte eta komertsantek

Aña Mari eta Fred 2006ko azaroaren 2a

Sarako 40 bat elkarte edo komertsantek Bai Euskarari akordioa izenpetu dute abenduaren 1ean Herriko Etxean. Ekitaldiaren hastapenean, Jean Aniotzbehere auzapezak azpimarratu du Herriko Etxeak ekimen horrekin bat egiten duela eta lan horren sustatzaileak eskertu ditu. Gehitu du ohore bat zela herriarentzat, Akordio hori izenpetzen duen ipar Euskal Herriko lehena baita eta onartu du lan zaila eta luzea izanen dela, bainan «denen borondatearekin» helburua erdietsiko dela.

Ondotik, Amaia Beyrie, prozesua hurbiletik segitzen duen pertsonak esplikatu ditu akordioaren nondik norakoak. Lan hori egun hauetan hastekotan da, eta izenpetzaileak arloka bilduko dira abendu honetan berean.

Sinaketa ekitaldian, Michel Oronoz, Euskal Konfederazioaren ordezkariak erran du Sara ez dela nola-nahika hautatua izan, bainan bere «euskalgoa»rentzat famatua delakotz. Denbora berean, azpimarratu du saratarrek «erresponsabilitate handia» dutela, bertze herriak begira baidituzte eta horientzat eredu izanen baitira. Horretaz gain, biziki pozik agertu da ikusirik horrelako desmartxa bat hasia zela Bretainian ere, bertako mintzairaren salbatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun