Abenduaren zubi luzean hasi zen Laxoa elkarteak hirugarren urtez antolatutako paxaka txapelketa. Aurtengoan hamalau hirukotek eman dute izena, iaz baino bat guttiago. Lehendabiziko fasean zazpina hirukoteko bi multzotan banatuko dira eta multzo bakoitzeko lau lehendabizikoak sailkatuko dira final laurdenetarako.
Lehen jardunaldia Iruritako Aranabia pilota plazan jokatu zen eta ustegabekorik handiena Gipuzkoako Zubietako hirukoteak eman zuen, joan den urtean azpitxapeldun izan ziren Etxeberria, Arraztoa eta Artazkoz doneztebarrei irabazi egin baitzieten, 9-8, partidu ikusgarri batean. Joan den urteko txapeldunek, Iruritako Urrutia anaiek eta Elizaintzinek sasoi onean daudela erakutsi zuten eta 9-5 irabazi zieten Ballarena, Mitxelena eta Perotxena elizondarrei.
Bigarren jardunaldia aste hondar honetan jokatzekoa zen Arraiozko pilotalekuan. Laxoa elkarteko kideek txapelketa honetako jardunaldi bat Gipuzkoa aldera eramateko asmoa ere erakutsi dute. Zubieta eta Villabona inguruan aritzen da jendea paxakan eta errebotean, inguru hartako hirukotea ere ari da txapelketan eta modu polita izanen zen kirol honi zabalkunde gehiago emateko.