Ibintza kultur taldearen lokal berria ireki zen Kultur

Iban ISASI 2006ko azaroaren 2a

Goitian, Nuria Bereauk drogari buruz egindako argazkia, erakusketa ikusten izan zirenen artean punturik gehien jaso zuena. Beheitian, Mila Erregerenak udazkenari buruz egindako egindako argazkiak, big

Egunen barnean

Azken hameka urtetan bezala, Ibintzak Kultur Egunak antolatu zituen abenduaren 6tik 8ra. Egun hauetarako, Kultur talde honek bere egoitzaren inaugurazioa prestatu zuen. Iturengo Udalak Medikuaren etxeko sotoa utzi die taldekideei heldu diren bortz urtetarako. Ibintzak, bere aldetik, gela hori moldatu du: tarima paratu, mahaiak egin, armairuak… Hori horrela izaki, bulego ttiki baina aski erabilgarria gelditu da.

Eta egoitzaren ate irekitzearekin hasi zuten Ibintzakoek aurtengorako prestatutakoa. Lehengo eta gaur egungo partaideak gonbidatuak izan ziren, baita herritar ugari ere. Taldeko bi kidek 11 urtetako historia kontatu zuten, nola hasi ziren lanean eta nola segitu duten gaur egun arte. Lokalean pintxoak eta txanpaina banatu zen eta gero talo jatea egin zen Herriko Etxeko ganbararen sukaldean. Orduan ireki zituen ateak Argazki Rallyari buruzko erakusketak. Eta argazkien artean Uba-obaba-du neskatxaren historia kontatu zuen Berako Patxi Hernando ipuin kontalariak.

Biharamonean, eskulan tailerra zegoen ttikienendako eta handixeagoendako ginkana izan zen herrian barna. Ondotik 50 gaztetxo elkartu ziren Ibintzak, eskolaren laguntzarekin antolatutako bazkarian. Haur jokuak izan ziren arratsaldean eta Anna-Anna filmea ikusi zuten ganbaran.

Larunbatean partxis lehiaketa izan zen eta, ondotik, Argazki Rallyko irabazleak aditzera eman ziren. Puntuazio onena Nuria Bereauri suertatu zitzaion, goiko argazkian erretzen ikusten den neskaren argazkiarekin, Bigarren Mila Erregerena izan zen, beheitiko azaroari buruzko argazkiarekin. Guzira 21 lagun aritu dira argazki rallyan. Akitzeko, larunbat arratsean afaria izan zuten herriko Ostatuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun