Azken bi urteetan bezalaxe, aurtengoan ere Doneztebeko Udalak omenaldia eskaini dio Santa Luzia egunean bizi osoa jostungintzan eman duen doneztebar bati. Maria Eraso eta Patxi Astizen ondotik, aurten Mari Carmen Elizalderen txanda izan da. Mari Carmen ez da ekitaldi publiko eta omenaldien lagun, baina joan den ortzegunean eskainitakoa aski merezia zuen. Izan ere, berak onartzen du ez duela gogoratzen Honorio Taberna dendan lanean noiztik ari den. Hori bai, urte hauetan josi dituen arropak bilduko balitu, dendan ez zen tokirik izanen, seguru aski. Mari Carmenek mezan jaso zuen urrezko titarea. Bertsolariek, eskulan erakusketak eta haurrendako antzerkiak osatu zuten egitaraua.