Euskararen osasuna zaindu dezagun

Utzitako argazkiak 2006ko azaroaren 2a

2001 Hizkuntzen Urtea da Europan. Nazioartean hizkuntzen inguruko kezka eta ardura gero eta handiagoa da, eta horren lekuko dira hainbat instituzio, erakunde eta forotan hizkuntza aniztasuna gordetzearen alde onartutako agiri, dokumentu eta adierazpenak.

Horrek, nolanahi ere, ezin du beste errealitate bat estali. Gaur egun, oraindik ere, hizkuntza txiki asko desagertzeko arriskuan dago eta beste askok garapenerako arazoak dauzkate. Besteak beste, euskarak. Eta are gehiago euskarak Nafarroan, azken aldian bere garapena eta normalizazioa oztopatzen duten neurri ugari ezarri baitu Nafarroako Gobernuak. Ez da kasu bakarra, baina bereziki larria da osasungintzan euskarari eta euskaldunon, herritarron hizkuntz eskubideei ematen zaien trataera. Urte askotan osasun zerbitzu euskalduna izatea udalen eta herritarren eskakizuna izan den arren, eta behin eta berriz gai honen garrantzia azaldu eta agertu den arren, aurreratu beharrean atzera pausu nabarmena dakarren dekretua onartu du Nafarroako Gobernuak. Lehen ere herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak osoki betetzen ez baziren, are makurragoa da oraingo egoera: euskaraz jakitea eskatuko den lanpostuen proportzioa benetan murritza da, eta ez du herritarrarentzat euskarazko atentzioa ziurtatzen. Ez herri erdaldunduetan, ezta euskaldunenetan ere.

Egoera bereziki larria eta salagarria da bi arrazoi hauengatik:

1.- Administrazioarekin, kasu honetan osasun zerbitzuarekin, bertako hizkuntza erabiltzeko eskubidea urratzen da, nabarmen. Nazioartean sinatzen ari diren hainbat dokumentuetan, besteak beste, eskubide hori aitortzen zaio herritarrari. Dekretu honekin, ordea, eskubide hori ezerezean gelditzen da.
2.- Osasun zerbitzuan eta atentzioan komunikazioa ezinbesteko tresna izaki, hainbat herritarri, herri euskaldunetako haurrak eta adinekoak bereziki, kalitatezko osasun zerbitzua jasotzeko zailtasunak jartzen zaizkie. Izan ere, hobekien ezagutzen duten hizkuntzan, bere-berea den hizkuntzan ez atenditzeak, komunikazioa zaildu egiten du eta, ondorioz, arazoak sortzen dira.
Honen guztiaren ondorioz, 2001eko ekainean 640 hautetsik sinatutako “Euskararen Normalizazioaren aldeko Nafarroako

Hautetsien Instituzio-Ekimena”rekin bat eginez, honakoa aldarrikatu eta eskatu nahi dugu:

1.- Nafarroa osoa eremu elebiduna da, herri guztietan baitaude bi hizkuntza ofizialak menperatzen dituzten herritarrak. Guk gure udalerrietan biztanle guztien hizkuntza eskubideen ezagupena eta euskararen berreskurapena bermatu nahi ditugu, euskara normaltasunez erabil eta ikas ahal izan dezaten
2.- Euskararen ofizialtasuna, gaztelaniarena bezalaxe Nafarroa osora zabal dadin aldarrikatuko dugu, nafarron arteko egungo diskriminazioak ezabatzeko eta euskararen berreskurapena bultzatzeko xedez.
3.- 2001eko irailaren 203/2001 dekretua, baina baita ere euskararen normalizazioa oztopatzen duten gainerako lege-xedapen oro, bertan behera utz ditzala Nafarroako Gobernuak.
4.- Osasun zerbitzuan, eta baita administrazioaren gainerako zerbitzu eta ataletan, herritarren hizkuntza eskubideak babestuko dituen neurri normalizatzaileak har ditzala Nafarroako Gobernuak.

Tomas Azpiroz Alkoz.
Leitzako Alkatea eta Nafarroako bertze 10 alkate eta zinegotzi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun