Bigarren Eguberria pasako dut Baztanen. Joan den urtekoa arras gogorra izan zen, etxetik urrun, familiarekin egon gabe. Aurten anaia bederen hemen daukat eta nire andregaiak lanik egiten ez badu ederki ospatuko ditugu Eguberriak.
Ekuadorren Eguberriak hemen bezalatsu ospazen ditugu, beno, han indioilarra labean egina jateko ohitura dago. Familia guztia biltzen gara etxe berean eta berandu arte solasten eta kantatzen egoten gara. Paperezko eta oihalezko panpinak egin eta erretzen ditugu, izpiritu txarrak uxatzeko edo.
Hemengo ohituretatik gehien harritu zidana 12 mahatsena izan zen. Arras dibertigarria da, aurten lan egitea tokatzen bazait ere, akitu eta segidoan aterako naiz Urte Xaharra ospatzera, berdin du Urte Berriko 8ak badira ere. Familiarekin telefonoz izanen dut kontaktua. Amak batez ere erraten dit han ikusi nahi nauela, faltan botatzen nauela. Bitartean nik hemen jendea ezagutzen joan naiz eta haiekin besta egitea espero dut. Errege eguna ospatzen ohi dugu ere Ekuadorren.