Enekoren eskutitza edo marrazkiak jasotzea, berekin «bis a bisa» izatea… edozein opari material baino politagoa da

Utzitako argazkiak 2006ko aza. 2a, 13:46

TTIPI TTAPA

Bigarren Eguberriak izanen dira etxean Eneko falta zaigula, baina bere falta egunero somatzen da, egunero eta orduro. Hor azpian daramazun zerbait da.

Hemen hotz egiten badu, han zer hotz kenduezina egiten ahal duen oroitzen zara, beroarekin gauza bera. Kaiola hartan sartuak daudela, azken finean kaiola baita.

Eguberriak egun bereziak dira, baina bertze besta egunak bezala, guk egin ditugu bereziak. Nahiago dut egun bereziak ez direla pentsatu. Etxean ospatuko dugu, baina ez beti bezala. Eta haiek ere saiatuko dira pentsatzen ez direla egun bereziak, ez direla besta egunak, biharamona izanen duen bertze egun bat baizik. Egun bat bertzearen ondotik antolatzen dute, hortan saiatzen dira. Hasieratik egutegiak eramaten dizkiegu eta badakite zer egunetan dauden. Adibidez, gizarte presoek auniztan ez dakite astelehenean edo jai egunean bizi diren, akaso etxekoekin harreman handiegirik ez dutelakoz. Ezinezkoa da beretaz ez oroitzea, baina besta eguna, eguraldi onak bezala, obligazioak sortzen dizkigu, bertzerik gabe. Eguraldi ona egiten duenean, kanpora atera behar duzu, besta eguna denean ongi pasatu behar duzu, kontent egon behar duzu… ez da zergatik horrela izan behar. Gizarte presioa da, etxean ederki egoten ahal zara eguraldi onarekin, bestarekin ere gauza bera. Inguruko poza somatzen da noski, auniztan poz artifiziala izan arren, baina gu bertze egunak bezala bizitzen saiatzen gara, hori gainditu egin behar duzu, hobeki sentitzeko. Garai honetan ez dugu opariak bidaltzeko ohiturarik, nahiago dugu bere urtebetetzea probextu. Beraiek ere ez dute opariak ateratzeko aukerarik, ez dute tailerrera sartzeko modurik, ezin dira liburutegira sartu, zigorraren barrenean dauden baldintzak dira… baina guretzako oparirik ederrena bere eskutitz bat jasotzea da, bere marrazkiak, hagitz adierazgarriak eta politak hartzea, berekin bis a bisa izatea… edozein opari material baino politagoa da eta gero gehiago oroitzen zara gauza horietaz. Olentzerotan zerbait elkar trukatzen dugu, Erregetan deus ere ez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun