Herri Kirol Jaialdi handia eskolako frontoian

Aitor AROTZENA 2006ko azaroaren 2a

Juan Telletxea eta Luis Mari Belarra herritarren aitzinen bigarren mailako txapela janzten saiatuko dira. Artxibokoa

Arratsaldeko 17:30etik aitzinera, Nafarroako II. Mailako Aizkolari txapelketaren finala eta Euskal Herriko kintopeko Harrijasotze txapelketa jokatuko dira

Azken urteetako ohiturari eutsiz, Nafarroako Herri Kirol Federazioak jaialdi handia prestatu du feria egunerako eskolako frontoian. Arratsaldeko 17:30etik aitzinera, Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketaren finala erabakiko da. Bertan bortz aizkolari arituko dira, uztailean jokatu zen kanporaketan sailkaturiko lehen bostak: Juan Telletxea (Doneztebe), Luis Mari Belarra (Doneztebe), Xabier Mindegia (Beintza-Labaien), Jon Rekondo (Leitza) eta David Amillano (Altsasu). Finalean egin beharreko lana, berriz, bi enbor kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztea izanen da. Beraz, lehen mailako aizkolaririk izanen ez bada ere, Malerreka eta Leitzaldeko aizkora zaleek aukera ederra izanen dute aizkolari gazteak nola dabiltzak ikusteko. Telletxea eta Belarrak aukera ederra dute txapela herritarren aitzinean janzteko eta Mindegia gazteak eta Rekondok ere jarraitzaile ugari mugituko dituzte Beintza-Labaien eta Leitzatik. Txapeldunak, noski, heldu den urtean lehen mailan aritzeko eskubidea izanen du.

Euskal Herriko kintopeko harrijasotze txapelketa

Aizkoraz gain, harrijasotzea ere ikusgai izanen da frontoian. Izan ere, Euskal Herriko kintopeko harrijasotze txapelketa jokatuko da. Bertan, 21 urte baino guttiago duten lau harrijasotzaile arituko dira. Iraitz Telleria (Gipuzkoa), Xabier Agirre (Bizkaia), Aimar Irigoien (Gipuzkoa) eta Gaizka Uriarte (Bizkaia). Egin beharreko lanari dagokionez, hiru minutuko txandak egin beharko dituzte 100 kiloko zilindro zaharrarekin eta 100 kiloko kubikoarekin. AImar Irigoien errezildarra izanen da faborito nagusia, berriki Altsasun harri handien txapelketa ere irabazi baitu, adin librean,

Azkenik, aizkolari erakustaldia ere izanen da, saioari akabaila emateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun