Aldizkaria, prestakuntza ikastaroak eta hitzaldiak

Joxemanuel IRIGOIEN 2006ko azaroaren 2a

Doneztebarrak elkarteko 5 bazkide sartu dira Cederna-Garalur elkarteak antolatzen duen Jardunbide egokien eskuliburua izeneko programan. Joxemanuel IRIGOIEN

Hurrengo hilabete hauetarako ere aktibitate ugari

Elkarte berria gizartean aurkezteko 1.500 aldizkari banatu zituzten Doneztebeko besten aitzakian Malerreka eta Bertizaranako etxe guztietara. Momentu hartan berrogeita bi bazkide zeuden elkartean sartuak eta, jendearen arreta pizteko, argazki makina baten zozketa iragartzen zen aldizkariaren azalean. Geroztik, hurrengo hilabete hauetan eginen diren egitasmoak ere lotu dituzte, eta horietako batzuk gauzatzen ari dira egun hauetan. «Nahiz eta denbora gutxi eraman, lan egiteko gogo askorekin» dabiltzala adierazi digute elkarteko ordezkariek, eta aitzinera begira, jendearen parte hartzea nahi lukete « ahal den gehienena».

Ikastaroak eta hitzaldiak Nafarroako Merkataritza Federazioa eta Cedernaren bitartez

«Stockaren eta erosketen kudeaketa», «Informatika» eta «Efikaziarekin hitzegitea» izeneko ikastaroak dituzte momentuz programatuak. Horietatik lehendabizikoa aritu dira egiten urrian eta informatikari buruzkoa hilabete honetan eginen dute. Hirugarrena heldu den otsailerako dute programatua.

Dendarien interesekoak diren informazioak ere banatu dizkiete bazkideei, eta horien artean, Bisita Liburuari buruz legerian berriki egon diren aldaketak.

Hiru hitzaldi ere antolatu ditu Doneztebarrak elkarteak. Lehena, «Merkataritza Federazioak eta Cederna-Garalur elkarteak eskaintzen dituzten zerbitzuak» zabaltzeko. Bigarrena, «Nafarroako Merkataritza Federazioak eskaintzen dituen ikastaro eta kalitatezko programei» buruz, eta hirugarrena «Cederna-Garalur elkarteak duen ‘Jardunbide egokien eskuliburua’ aurkezteko».
Azkenik, «Galbaraialde erreka garbitzeko lan taldearekin elkarlanean» aritu dira elkartekoak, bai egunaren berri zabaltzen zein batuka emanaldia antolatzen.

Bertze egitasmoak

Etorkizunera begira dituzten egitasmorik aipagarrienak ere zerrendatu dizkiote elkarteko ordezkariek Ttipi-Ttapari. Horrela, urtea bukatu baino lehen Doneztebarrak Merkatari Elkartearen 2. buletina zabaldu nahi dute Malerreka eta Dertizaranako etxeetara; Eskolako haurren laguntzarekin eta Alvaro Matxinbarrenarekin, elkartearen leloa eta ikurra sortu nahi dute; Eguberrietarako animazio aktibitateak eta sustapen kanpainak prestatu; eta heldu den urte hasieran, birziklatzearen inguruan egun berezia antolatu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun