Lehenbiziko kontaktuak urtarrilean hasi bazituzten ere, 2006ko maiatzaren 2an sortu zen ofizialki Doneztebarrak Merkatarien Elkartea. Eta abiatze-prozesu horretan, merkatariak ez ezik herri osoa ere afektatzen zuen arazoak sortu zuen txinparta: karriketako trafikoak eta aparkalekuen antolamenduak. Zirkunstantzia horrek bizkortu egin zuen prozesua eta lagundu egin zuen mahai gainean jartzera merkatarien interesak eta premiak.
Doneztebe, herri merkataria
Tradizio luzeko jarduera da merkataritzarena Donezteben. Malerreka, Baztan eta Bortzirietako bidegurutzean kokatua, berebiziko probetxua ateratzen jakin diote aspalditik geografiaren eta demografiaren okasioneari. Gaur egun ere, 1.500 biztanle inguru dituen herri honetan, merkataritza eta zerbitzuei loturiko jarduerak garrantzia handikoak dira. Momentu honetan 50 bazkide ditu Doneztebarrak elkarteak, eta era guztietako dendak ez ezik, tailerrak, ostatuak eta hainbat arlotan aritzen diren zerbitzuak ere biltzen ditu bere baitan: 7 denda janari arlokoak, 3 auto-tailer, loredenda 1, 2 argazki denda, 4 etxetresna eta altzariak, 5 ostalaritzakoak, 2 bitxidenda, 2 liburudenda, 9 arropa denda, ile-apaindegi 1, 2 urrindegi, 3 farmazia eta bertze 9 zerbitzu eta handizkako saltegien artean.
Urtean 120 euroko kuota
Elkarteko bazkideak urtean 120 euroko kuota ordaintzen du aurten, eta horren truke prestakuntza ikastaroak ez ezik, informazioa zabaltzeko hitzaldiak eta promozio jarduerak ere izanen dituzte. Dena den, urte bukaera bitarte jarduerak finantzatzeko dirulaguntzak ere hartu ditu elkarteak.
Bezeroak gustora uztea eta aktibitatea mantentzea, helburu nagusien artean
«Aktibitatea mantentzea, eskaintzen duguna jendeak eskatzen diguna izatea, eta Doneztebe denontzako erreferentzia puntu izatea». Hiru erreferentzia horiekin definitzen du Doneztebarrak elkarteak bere helburu nagusia. Dena den, asmo nagusi horiek bertze 4 helburu zehatzagoren inguruan garatzen dituzte:
Erosleen partehartzea: Arreta berezia jarri nahi du elkarteak bere inguruan dituen bezeroak bereganatu eta hauen eskaerak nondik nora doazen jakiteko. Horretarako, hainbat aktibitate egin nahi dituzte Doneztebeko eta eskualdeko taldeen parte hartzea sustatzeko, eta orohar, etorkizunari begira merkataritza-jarduera bixkortzeko Donezteben.
Ingurumena: Inguru naturala errespetatu eta mantentzeko laguntza emanen dute Doneztebarrak elkarteko bazkideek.
Oroimen historikoa: Doneztebeko etorkizun ekonomikoa aurreikusteko, iragan historikoa ikasbide ona dela iduritzen zaio elkarteari. Horretan, sektore ekonomiko bakoitzaren pisua aztertu bidenabar, aurreko, oraingo eta geroko modu komertzialak ere ikasi nahi dituzte.
Sormena: Merkataritzako jarduera sormenarekin lotua dagoela ikusten du Doneztebarrak elkarteak. Horregatik, artea erabili nahi dute euren ekitaldiak komunikatzeko formula berritzaile moduan, eta gisa horretara elkartu nahi dituzte aurretik aipatutako elementuak, bezeroak eta merkatariak, eta biztanle gazteak eta helduak.