Udazkeneko Birako ekitaldiak ailegatu dira gure herrietara

ttipi-ttapa 2006ko urriaren 27a

Larunbatean, Arantzan, Areson eta Beintza Labaienen izanen dira

Musika, antzerki, dantza eta zinema emanaldiak eskaintzen dituen Udazkeneko Bira 200 eta 1000 biztanleren arteko herrietara ailegatuko da aurten ere. 1984. urteaz geroztik, ahalmen gutti dituzten herri ttikietara ekitaldi kulturalak eramatea helburu duen programak, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak finantzatzen du. Udazken honetan 85.000 euro gastatuko dira. Taldeari harrera egitea eta erakustaldiaren iragartzea eskatzen zaie herriei.

Antzerkia, dantza eta zinea herriz herri

Eskualdean, sei herrietara ailegatuko da kultur zikloa: Donamaria, Arantza, Areso, Beintza-Labaien, Narbarte eta Igantzira. Urriaren 21ean Elvi taldeak “Nor da panpina” antzezlana eskaini zuen Donamarian. Talde honek beste bi emanaldi eskainiko ditu eskualdean: azaroaren 4an, 17:30ean Aresoko udaletxean eta azaroaren 25ean, 12:30ean Narbarteko frontoian. Azaroaren 4an, Arantzan, Orritz dantza taldeak erakustaldia eskainiko du frontoian 20:30ean. Egun berean, Beintza Labaiengo Elizan “Anne Luise eta Antton” izeneko pelikula eskainiko da 21:00etan. Azken hitzordua Igantzin izanen da abenduaren 7an. Kukubiltxo taldeak “Argitxo eta Dir-Dir” antzezlana emanen du Baratzondo elkartean. Eskualdean izanen diren sei ekitaldiak euskaraz izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun