Euskararen komunitatea bizirik da Nafarroan. Bertako hizkuntza, euskara, aurrerantzean ere munduko hizkuntzen mapan kolore berezitua izaten jarraitzeko nahia sustraituta dago, mendeotako atzerakada eta gutxitzetik sendatzen nahikoa lan badugu ere. Ibilbide luzea egin du gure hizkuntzak. Nafarroako iragana da, oraina eta baita geroa ere.
Eta hala izanen da, ez noski, zuk egindako ekarpenari esker. Izan ere, euskararen aurkako gurutzada zuzentzen duzu aspaldi honetan. Euskararen eta euskaldunen zokoratze, baztertze eta diskriminazio politika muturrera eraman dituzu urteotan, eta beraz, parlamentuan egin dituzun azken adierazpenak entzunda ez ginateke sobera harritu beharko. Antzekoetara ohituta gaituzula-eta, ordea, ezin diogu asaldatzeari utzi.
Bertze behin ere euskararen normalizazioa oztopatu eta are ezinezko egiten duen hizkuntza politikaren goraipamena egin duzu. Ezin ikusian oinarritzen den hori, nola aurkez diezagukezu elkar bizitzaren eredutzat? Gizarte bizitzaren arlo guztietatik desagerraraztea helburu izan dituzten makina bat erabaki hartu duzu. Denok ditugu gogoan.
Jakina da zure tema; nafar guztion ondarea den euskararen kontrako jardun etengabea. Zure baieztapenek erakusten duten ezjakintasuna izugarria da (katetoa eta hipotenusaren kontu horretaz ari gara), eta lotsagarria tamainako ardura duen norbaiten aldetik.
Euskarazko unibertsitatea kalitate txarrekoa litzateela erran duzu. D ereduak duen etengabeko hazkundeak kezkatzen al zaitu? Euskarazko irakaskuntza kaltetzeko baliatzen al dituzu gisako formulazio faltsuak? Kalitateko euskarazko unibertsitate eskaintza egiteko gakoa borondate politikoa da. Euskararen erabilera arautu, unibertsitatean irakasteko baliabideez hornitu, eta orduan ikusiko dugu benetan kalitate eskasekoa ote den, eta ikasketak euskaraz egin dituzten titulatuen gaitasuna apalagoa. Ez ote da izanen alderantziz izateari beldur diozula? Bide batez, gero eta handiagoa den euskaraz ikasteko eskariari (eskubideari) erantzuteko gai den eskaintza eginen luke unibertsitateak Nafarroan.
Administrazioko lanpostuak betetzeko lehiaketa publikoetan euskara meritu moduan baloratzeari ezezko biribila eman diozu. Beronekin harremanean euskaldunok normaltasunez gure hizkuntza (bertako hizkuntza) erabiltzeko eskubidea bermatzeko, ezinbertzekoa da langile publikoek euskaraz jakitea. Aspalditik ari gara gauza bera errepikatzen. Eta hori ez da ziurtatzen euskara merezimendu gisa baloratuta. Aitzitik, gu inolaz ere asebetetzen ez gaituen neurria, zuk gainditu ezinezko sabai gisa paratzen duzu.
Eta hara non, ingurumaria honetan, Iruñerriko inkesta soziolinguistikoa ikerlanaren emaitzak eman diren argitara. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak agindutako ikerketa izaki, behinik behin ez zaizu susmagarria irudituko, ezta? Zeren, emaitza horiek demostratzen baitute zure adierazpenekin ez dutela bat egiten herritarrek.
Iruñerriko %77ri ongi iruditzen zaio euskara kontuan hartzea Administrazio Publikoan sartzeko, eta %84,4k egoki ikusten dute euskara unibertsitatean erabiltzea. Ematen du zure adierazpenei zuzenean erantzun dietela herritarrek, inkesta duela zenbait hilabete egin bazen ere.
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak aspaldiko garaietan euskarari kalte egiteko abian jarri den hizkuntza politika buka dadila eskatu nahi dizu, eta euskararen normalkutzari trabak jartzeari utz diezaiozula behingoagatik.
Vicente AROTZENA BIURRARENA
Bortzirietako Euskara Mankomunitateko
Lehendakaria