Ramon Latasari eskultura egiteko lanean segitzen dute Sunbillan

Aitor AROTZENA 2006ko urriaren 27a

Esteban AROTZENA

aizkolari handiari buruzko DVD bat argitaratuko da

Ramon Latasaren oroimena berreskuratu nahi dute Sunbillan. Garai batean hainbertze jarraitzaile eta fama izan zuen, baina historiako aizkolari handienetakoa izan zena eri eta bakarrik hil zen 1990ean Elizondoko Zahar Etxean. Nolabait zor historiko hori kitatzeko asmoarekin, bere izena eramanen duen plazan Ramon Latasari eskainitako eskultura egiteko dirua biltzen ari da herritar talde bat duela bi urtetik honat: loteria, zozketak, liburua eta bertze zenbait lan egin dira orain arte. Aitzinera begira, Latasaren irudiak biltzen dituen DVDak argia ikusiko du laister eta inguruko hainbat margolarik beraien lanak eskaini dituzte, saldu eta irabaziak eskultura ordaintzera bideratzeko.

Antton Espelosin da eskultura egiteko dirua biltzeko osatu den batzordeko kideetako bat. Berak aipatu digunez, Eduardo Zancada eskulturgile madrildarraren lanak 70.000-72.000 euroko aurrekondua du eta dagoeneko erdia baino gehiago bildu da: «Oraingoz 40.000 eurotik goiti eskuratuak ditugu. Erdia baino gehiago pasatua dugu eta zailena egina dagoela iruditzen zait». Diru hori biltzeko lana gogotik egin behar izan dute azken bi urteetan: «Bi urte hauetan Loteria atera dugu, Latasari buruzko liburua ere argitaratu zen eta hagitz kontent gaude izan zuen harrerarekin, 1.200 liburu baino gehiago saldu baitira. Horrekin, 12.000 eurotik goiti atera ditugu garbian. Joan den udan kotxe baten eta Kubarako bidai baten zozketa egin genuen, hor ere 10.000 euro garbi atera ditugu». Sunbillako udalak berak ere bi kontu ireki zituen, eskulturarako dirua biltzeko eta plazari Ramon Latasa izena jartzea erabaki zuen.

Etorkizun hurbilera begira, dirua ateratzeko bertze bi egitasmo dituzte begibistan: «Latasaren irudiekin eta bertze artxiboekin bideo bat egiten ari gara, garai hartako apostuak eta txapelketak bilduz. Bertze aldetik, udaletxean margo erakusketa bat egiteko asmoa dugu. Egia erran laguntza izugarria izan dugu margolarien aldetik. Hamar margolarik beraien lanak oparitu egin dizkigute: Elizondoko Tomas Sobrinok eta Ana Mari Marinek; Berako Itziar Mikelperizenak eta Juan Carlos Olaetxeak; Sunbillako Eva Irazokik; Zigan bizi den Jesus Montesek; Hondarribiko Xabier Sagarzazuk eta gero nahiko prezio onean hiru margo eman dizkigu Lesakako Juan Carlos Pikabeak eta bertze bat Erratzuko Jose Mari Apezetxeak. Azaroaren hondar aldera erakusketa egiteko asmoa dugu Sunbillako udaletxean eta gero saltzea. Hiru-lau enpresek hitza emana dute koadroak hartuko dituztela eta ikusiko dugu horrekin eta bideoarekin aitzinera egiten dugun».

Heldu den urteko

Handik eta hemendik xoxa biltzen ari dira eta eskultura heldu den urteko abuzturako prest izatea espero dute, nahiz eta presa handirik ez izan: «Dena batean inauguratu nahiko genuke, bai plaza eta bai eskultura –dio Espelosinek–. Heldu den urteko abuzturako egitea eskatu genion eta horretan saiatuko zela erran zigun Eduardo Zancadak. Presa handirik ere ez dugu, hura betiko geldituko da eta guk nahi duguna ongi egitea da. Latasaren aurpegia ezagutu dadila behinik behin eta jendeak erran dezala, ‘hauxe zen Latasa!’».

Antton ESPELOSIN Liburuaren koordinatzailea

Eskultura bat egiteko, zergatik aukeratu duzue Ramon Latasa?
Ramon Latasa kirolari famatua izan zen, herrian izan dugun famatuena eta sekulan izan den aizkolari onenetako bat. Herrian bertan gazteenek ez zuten ezagutzen eta nor izan zen gogoratzeko ideia ona iruditu zitzaigun eskultura egitearena. Sunbillan izena ere plazaz plaza eraman zuen, Euskal Herri osoan eta nik uste, zerbait egitea ere zor geniola Latasari. Azken urteak nahiko trixte eta bakardadean eman zituen, gaitz larria izan zuen eta jendea pixko bat urrikitua ere bada horregatik: bere azken urteetan gutti xamar lagundu ote zitzaion.

Herritarren eta eskualdeko jendearen aldetik, nolako erantzuna izan duzue?
Erantzun hagitz ona izan da. Igual aspertzen ere hasiak dira, hainbertze denbora baitugu honetan: bi urtez loteria, gero zozketa… baina halere jendeak erosten du. Joan den urtean 18.000 euro baino gehiagoko loteria saldu genuen. Horrela erabaki genuen egitea, herri ttiki hauetan diru gutti izaten da eta Latasarekin gogoratzen den jendearen borondateari esker ari gara aitzinera egiten. Noizbait egiten badugu eskultura hori meritu izugarria izanen da. Ez da berdina, dirulaguntza batekin edo erakunde baten diruarekin dena segidan ordaintzea edo pixkanaka, jendearen laguntzarekin dirua lortzen joatea. Hori neretako handia da. Gainera, jendearekin solastu eta animoak ematen dizkigu, aitzinera segitzeko.

Eskulturaren maketa ere ikusgai dago Sunbillan…

Bai, abuztuan ekarri zigun eta izugarri gustora gaude duen itxurarekin. Egia da maketa buztinezkoa dela, eta berak aipatu zigunez, brontzezkoa egitearekin aurpegia aldatuko zaio. Bazkari batean bildu ginen eta erakutsi genion eskultura jarriko den plaza non izanen den eta berari ere aunitz gustatu zitzaion, nahiz herria, nahiz jarriko den lekua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun