• Eratsunen sortu eta Sunbillan bizi den Angel Mariezkurrena da Kantu Zaharren Egunaren antolatzailea.
• Duela bi urte Sunbillako Ulibeltzak elkartean antolatu zen lehen edizioa eta iaz Elizondoko Lur dantzalekuan egin zen. Aurten, Dantxarineko Lugarana jatetxean eginen da azaroaren 25ean.
• Sunbillako kanpinean, Elizondoko Antxitonean eta Lugaranan bertan salgai daude txartelak 50 euroan.
Zergatik antolatzen duzu Kantu Zaharren Eguna? Ohitura hori galtzeko arriskua somatzen duzu edo zeonek baduzu halako afizio berezirik?
Eratsunen nahiz inguru honetako edozein herritan ohitura hori izan da beti: bazkal ondoren edo afal ondoren, kantu zaharrak kantatzea. Hori pixko bat baztertzen hasia zen. Ni Amaiurko talde batekin biltzen naiz ostiraletan kantu zaharrak abestera. Horrelako zerbait Sunbillan egin zitekeela pentsatu eta horrela egin genuen lehenbiziko kantu zaharren eguna, duela bi urte. Ez nuen uste hainbeste indar hartuko zuenik eta egia errateko, hagitz polita atera zen. Hemengo ohitura horrek segitzea nahi dut. Kantu zahar guziek badute esanahi berezi bat, pilota dela, mendia dela, artzainak, elizako gauzak… Denek badute bere historia eta kantu zaharren bitartez Euskal herriko historia ere ezagutzen da.
Iaz izugarrizko arrakasta izan zenuten Lurren, diskoteka betea… aurten, jende aldetik zerbait xumeagoa izanen da, Lugaranan 350 lagunendako lekua baita…
Urtero lekuz aldatzen joan gara. Aurten Lugarana aukeratu dugu, Dantxarineako Benta Peion. Leku hagitz polita da eta apala, goxoa, beroa. Kantu zaharrak kantatzeko politena elkarte bat izaten da, baina hainbertze jendek joan nahi duenez, leku gehiago behar da. Iaz, Lur dantzalekuan jende asko bildu ginen, oso ongi antolatua zuten, baina, beharbada, kantuan aritzeko hotz xamar gelditu zen.
Giroa berotzeko asmo horrekin, herri berekoak elkarrekin jarri nahi dituzue…
Txartelak zenbatuak daude eta, ahal dela, txartela erosterakoan zein herrikoak diren zehaztea ere eskatzen da. Honela, mahai berean egonen dira.
Kantu zaharrak abestea eta aditzea gustokoa duen edonor joaten ahal da egun honetara, baina horretaz gain, urtero kantari ezagunak edo pertsonai famatuak ere gonbidatu dituzue. Aurten ere izanen da halakorik?
Hasiera-hasieratik Kantu Zaharren Egunari indarra eta berezitasuna emateko, gure artera kultur aldetik lan egin duten pertsonai interesgarriak ekartzen saiatu gara. Azken ordura arte ezin izaten da erabat baieztatu, baina Pantxoa eta Peio, Eguzkitze, Peñagarikano, Jaione Olazabal, Oskar Estanga eta gehiago ere izanen dira.
Egun horretarako propio kantu liburuxka ere argitaratuko da…
Urtero egin dugu liburuxka bat. Aurten, iazko kantuez gain 30 kantu gehiago sartu ditugu. Bakoitzak bere liburua izanen du plater ondoan eta gero, nahi duenak, lagunentzat edo familiarentzat hartzeko aukera izanen du. Saldu ez dugu egingo, bakoitzak bere borondatea utzi dezala. Hor ateratzen denarekin, kulturaren aldeko zerbait bultzatu nahi dugu. Aurten, Sunbillan Ramon Latasari eskultura eta omenaldia egin nahi diotenez, horretarako joanen da diru guzia.