Mendekotasunean bizi diren pertsonei dirulaguntzak emanen ditu Nafarroako Gobernuak

Xan Harriague 2006ko urriaren 26a

Nafarroan 8000 lagunek jasotzen ahalko dituzte

Nafarroako Gobernuak mendeko pertsonak eta hauek zaintzen dituzten familien programaren berri eman du. Mendekotasuna sufritzen duten 8000 lagunek aprobetxatzen ahalko dute herrialde osoan. Eguneroko bizian bertze norbaiten beharra duten pertsonen bizi modua hobetu nahi dute 12 milioi inguru gostatuko duen programa honekin. Hori dela eta, heldu den urtarrilaren lehenetik aitzinera eskaerak egin beharko dira. Mendekotasunaren mailaren arabera 365 euro eta 746 euro arteko diru laguntzak jasotzen ahalko dituzte eri edo adineko pertsonek. Dirulaguntza, mendeko pertsonak dituen aberastasunen arabera erabakiko da, ez eta orain arte bezala familiak zituenaren arabera.

Gaur egun, Nafarroan, 15.000 dira mendekotasuna sufritzen duten pertsonak, gehienak adinekoak, %80a. Programaren lehen urratsean, mendekotasunaren maila zehaztuko dute. Horretan, 20 osasuneko profesionalez osatutako taldea arituko da. Emaitzen arabera diru laguntzak banatuko dira. Mendekotasun handia dutenek gehienez 588 euro eskuratuko dituzte eta mendekotasun osoa dutenek 746 euro lagunduko duen pertsona baten kontratatzeko. Zaintzaile lana familiar batek egiten duenean ere laguntzak lortzen ahalko dira. Orduan, mendekotasun handien kasuan, laguntza 365 eta 426 euro artekoa izanen da, mendekotasun osoa denean, 365 euro eta 568 euro artekoa.

Programa horren barrenean ere, mendekotasunean bizi direnei eta familiarrei zuzendutako zerbitzuen katalogoa argitzea aurreikusi dute. Horretan agertuko dira programari buruzko zehaztasunak. Bestetik zaintzaile lanetan arituko diren pertsonen zentroa eraikiko dute, aholkuak eta baliabideak emateko, hala nola, gurpil aulkiak eta garabiak bertzeak bertze.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun