Guardia Zibila Lesakako Arrano eta Berako Espidobaita elkarteetan sartu da

ttipi-ttapa 2006ko urr. 26a, 12:59

Espainiako Auzitegi Gorenak «inbentarioa» egiteko eskatu die batzorde judizialei

Astelehenean Espainiako Auzitegi Gorenak herriko taberna guztien inbentarioa egitea eskatu ondotik, berehala hamahiru elkartetan sartu zen batzorde judizial bat Auzitegi Gorenaren agindua betetzera, Guardia Zibilak lagunduta. Nafarroari dagokionez, Iruña, Leitza, Tutera eta Tafallako herriko tabernetan sartu zen atzo «diru, ondasun higigai eta tresnen inbentarioa» egiteko.

Asteartean aitzinera segitu du Auzitegi Nazionalaren operatiboak, eta arratsaldeko lehen orduetan, Lesakako Arrano eta Berako Espidobaita elkarteetan sartu dira aipatu batzorde judizialak Guardia Zibilaren laguntzarekin.

Espainiako Auzitegi Gorenetik «Batasunaren lokalen zein ondasunen inbentarioa» egiteko agindua dute, eta «batzorde judizial horiek babesteko» agertu da Guardia Zibila Lesakan eta Beran. Batasunaren ilegalizazioa guztiz gauzatzeko ondasun horien likidazioa ezinbestekoa dela iritzi dio Goreneko 61. Salak, eta horren harira ari dira Hego Euskal Herriko hainbat herriko taberna eta elkarte miatzen, «elkarte horietan legez kanpo dagoen Batasunarekin harremana izatearen zantzuak daudelako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun