Ander Erasunek irabazi zuen Nafarroako Aizkolari Gazteen III. San Migel Saria

Aitor AROTZENA 2006ko urriaren 20a

TTIPI TTAPA

Aurtizkoak bi segundu eskaseko aldea atera zion Igantzin Arraiozko Garikoitz Larretxeari

Irailaren 30ean jokatu zen Igantziko frontoian Nafarroako Aizkolari Gazteen III. San Migel Saria. Txapelketa honetan bortz aizkolarik hartu zuten parte eta lehia handia ikusi ahal izan zen. Horren erakusgarri, lau lehendabiziko sailkatuak 15 segunduren barrenean akautu zituztela kanaerdiko bat eta bi 45 ontzako mozteko lanak.

Azkarrena eta, beraz, aurtengo txapelduna, Aurtizko Ander Erasun izan zen. Lehia estua izan zuen Arraiozko Garikoitz Larretxearekin, baina azkenean, bi segundu eskasengatik, Malerrekakoaren alde erori zen txapela (6’ 42” behar izan zituen Ander Erasunek, 6’ 44” Garikoitz Larretxeak). Podiumeko hirugarren koxkarako ere lehia estua izan zuten Berriozarko Julen Kañamaresek eta Berako Oihan Larretxeak. Kañamaresek 6’ 56” behar izan zituen lanak akautzeko eta Larretxeak 6’ 57”. Lau lehenbizikoetatik urrun, bosgarren izan zen Etxarri Aranazko Joseba Jimenez, 10’04”ko denborarekin.

Txapelketa honekin batera, Igantziko gazteen arteko herri kirol erakustaldia ospatu zen, San Migel bestak izaki. Sasoi ederra nabarmendu zuten Igantziko neska-mutilek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun