Gaur hasiko dira kultur egunak Etxalarren

Xan Harriague 2006ko urriaren 19a

Zarautz eta Bortzirien arteko GR8 bertso txapelketako jardunaldiarekin bukatuko dira

Etxalarko Euskara Batzordea, Udalak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatzen dituen kultur egunak urriaren 19, 20 eta 28an iraganen dira. Lehen ekitaldia heldu den ortzegunean eginen da Kultur etxean. “Etxalarren etxe berriak zenbat eta zertarako?” izenburua izanen duen mahai inguruan Jakoba Errekondo, Zeraingo udal teknikariak, Jabier Lekuona arkitektoa, Juan Fermin Mitxelena Lesakako alkatea eta Xan Harriague Sarako hautetsia hirigintzari buruz arituko dira. Urko Ikardok zuzenduko duen eztabaidan publikoak ere parte hartzen ahalko du.

Biharamunean, ortziralearekin, beti ere kultur etxean, Miren Camisonek Afrikako ipuinak kontatuko ditu arratsaldeko 17:00etan.

Egun nagusia hilaren 28an izanen da, larunbatarekin. Arratsaldeko 16:00etan haurrentzako jokoak antolatuko dituzte, tartean altxorraren bilatzea. Arratsean, bertso afaria eginen da 21:00etan Herriko Ostatuan. Horren kari Bortzirietako eta Zarauzko bertsolarien arteko GR8 herrien arteko txapelketaren jardunaldia jokatuko da. Afarirako txartelak Elutsa eta Herriko Ostatuan egonen dira salgai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun