Aurtizko ostatua berriz ere hutsik gelditu da. Iturengo udalak plazaratu duen bandoaren bidez, jakinarazi nahi izan du nagusi berri baten aurkitzeko lehia publikoko deialdia zabaldu baino lehen, herritarren bat interesatua balitz, lehentasuna izanen lukeela. Ostatua, hotela eta jatetxea duen etxea, Aurtizko bestak baino lehen adjudikatu nahiko lukete. Udalaren arabera kudeatzailea herritarra izatea ongi iruditzen zaielako ez dute baldintzarik finkatuko. Interesatua denak eskaintza egin beharko du urriaren 30eko 12:00ak baino lehen udaletxean. Idazki horretan eskaintzen dituen baldintzak eta hilero ordaintzeko prest dagoen errenta agertu beharko da. Udalak biltzen dituen proposamenen artean erabakiko du ardura zeini eman. Azpiegitura nolakoa den jakin nahi izanez gero, udaletxean eskatu beharko da.