Gripearen aurkako txertatze kanpaina abian da

Xan Harriague 2006ko urriaren 19a

Txertatzeak Nafarroako osasun zentroetan eginen dira azaroaren 30a arte

Asteartean, urriak 7, hasi zen Osasun Sailak urtero eramaten duen gripearen aurkako txertatze kanpaina. Horretarako 116.000 txerto erosi dituzte. Neurri hori hartzea aholkatzen da batez ere, ondorio txarrak izaten ahal dituzten pertsonei edo azken hauekin kontaktuan direnei, hala nola 60 urte baino gehiagoko pertsonak, birikako edo bihotzeko arazoak dituztenak, azido azetilsalizilikoa hartzen duten haur edo gazteak, haurdun direnak, osasuneko profesionalak, poliziak, su hiltzaileak eta hegazkin ustiapenetan lan egiten duten jendeak. Kanpainak hilabete eta erdi eskas iraunen du, azaroaren 30a arte. Nahi dutenek txertoa egiten ahalko dute Nafarroako osasun zentroetan.

Jakin behar da, joan den neguan gripea izan zutenen artean 100etik 98 ez zirela txertatuak. Gripea agertzen den denboraldi osoan, hala nola udazkenean eta neguan, Osasun Sailak, epidemia detektatu ahal izateko neurriak hartzen ditu 11 mediku, 11 pediatra eta 2 zahar etxetako mediku osatzen duten sare baten bitartez. Urriaren lehen astean sare horrek ikusi dituen 30 000 lagunen artean ez da kasu bat ere aurkitu. Joan den urteko denboraldian, orotara 10 000 kasu aurkitu ziren Nafarroan. Eritasun arrunta badirudi ere, ondorio txarrak izan ditzake. Eragiten dituen sintomak aunitz dira, sukarra, hotzikara, buruko eta zintzurreko mina, muskuluetan eta artikulazioetan mina eta eztula.

Gripea ez izateko, txertatzea aholkatzen da, baina baita, tenperatura aldaketak saihestea, ur aunitz edatea eta ez erretzea ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun