Bidasoa Ikerketa Zentroak Baztan eta Bortzirietako istorioak bildu ditu

Aitor AROTZENA 2006ko urr. 19a, 16:37
Berako aurkezpenean, Aurelio Gutierrez, Juainas Paul eta Jose Javier Fernandez. Xan Harriague

Bosgarren liburua argitaratu berri dute

Baztan-Bidasoa eremuko bost historialariren lanak biltzen ditu Bidasoa Ikerketa Zentroak argitaratu duen azken lanak, bosgarrenak («Bortziriak II. Errepublika inguruan, Baztango ordenantzak eta Gerra-ostea»). Liburuan garai eta eremu ezberdinak landu ditu historialari bakoitzak. Aurelio Gutierrez, Jose Javier Fernandez, Juainas Paul, Iker Frias eta Pedro Esartek idatzi dute liburua. Lehenengo hirurek Lesaka eta Berako historia landu dute, eta azken biek, berriz, Baztangoa. Gainera, Juainas Paulek koordinazio lanak egin ditu. Liburu ia osoa euskaraz idatzia dago. Denetara, 250 ale atera dituzte, eta Bidasoaldeko liburu dendetan soilik erosi ahalko dira.

Aurelio Gutierrezek, Jose Javier Fernandezek eta Juainas Paulek Bera eta Lesakan 1920ko eta 1930eko hamarkadetan gertatutako hiru pasarteri buruz idatzi dute. Paulek eta Gutierrezek, biek batera, Baztan-Bidasoa eremuan gertatu zen lehenengo greba handia izan dute aztergai. Greba hori Berako Fundiciones-en gertatu zen, 1930ean, eta sei hilabete luze iraun zuen greba gogorra izan zela nabarmendu dute egileek. Bertzalde, Gutierrezek bertze artikulu bat ere egin du, hori ere Beran kokatua. Artikulu horretan, 1924an anarkista eta Guardia Zibil batzuen artean gertatutako istilua argitzen saiatu da.

Bortziriekin akautzeko, Atalaya aztertu du Fernandezek, 30eko hamarkadan Lesakan argitaratu zen aldizkaria. Garai hartan zeuden kezka eta eztabaida kulturalak bildu zituen aldizkari horrek, goi mailako kolaboratzaileekin (Unamuno, adibidez), baina aldizkariak iraupen txikia izan zuen, bi ale soilik argitaratu baitzituzten.

Gerra Zibila eta Gerra-Ostea Baztanen deituriko artikulua ere biltzen du liburuak. Iker Friasek idatzi du hori. 1936. eta 1946. urteen artean kokatzen da, eta Baztango historiako hainbat kontu ilun aztertzen ditu. Bertzeak bertze, 36ko gerran fusilatutakoen kasuak, lan-batailoien gatibu lanak eta makien ibilerak. Baztango Udaleko artxiboa arakatzeaz gain, hainbat baztandarri ahozko testigantzak ere hartu zizkien. Baztango Udaleko Ordenantzei buruzko lana egin du, berriz, Pedro Esartek. Haren lanak bost mende hartzen ditu: XVI. mende hasieratik 1964ko ordenantzara arte. Lan handia egin du artxiboan, eta aurkitutako ordenantzetatik hainbat ondorio eta gogoeta atera ditu. «Bederatzi liburu gaztelaniaz argitaratu ondoren, hau da euskaraz argitaratu dudan lehendabiziko lana, eta oso pozik nago Jose Mari Nuñezek egindako itzulpen lanarekin», adierazi du.

Bosgarren liburua

Bidasoako Ikerketa Zentroa 1996an sortu zen, eta 1997an atera zuen lehenengo liburukia, Lesakako historiari buruz. Geroztik bi urtetik behin ale bat atera du, Berako historiari buruzkoa, Bertizko Jaurerriaren ingurukoa eta Beran egindako Soziolinguistika ikastaroan emandako solasaldien laburpenekoa. Halere, azkenekoan denbora tarte gehiago pasatu da, Txema Aldaberen heriotzaren ondorioz.
Bosgarren ale honen erditze minarekin daudela oraindik, seigarrena nondik nora joanen den buruan dutela aipatu digu Juainas Paulek: «1607-1627an fiskalitateak bideratutako ikerketa bat egin zen Nafarroan eta horrek ematen dituen datuak lantzea aztertzen ari gara».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun