Langabeziak beheiti egin zuen irailean

Jean HARRIAGUE 2006ko urr. 5a, 10:59

Abuztuan eskualdeko langabeziak ez bazen kasik mugitu, joan den hilabetean %3,7az behera egin du. Hala ere, nahiz eta abuztuan baino 22 guttiago izan, 563 lagunek segitzen dute lana bilatzen.

Adinari eta generoei begiratuz, 25 urte baino gehiago dituzten emakumeek dute beherakada gehien aprobetxatu. Joan den hilabetean 14ek lana aurkitu zuten. Doneztebeko INEM bulegoan, 315 apuntatuak izanik, langabeziak gehien hunkitzen duen kategoria izaten segitzen dute. 25 urte baino gehiagoko gizonetan ere kopuruak behera egin du. Urriaren hasieran 198 ziren, hilabete bat lehenago baino 8 guttiago. 25 urte baino gazteago direnetan ere aldaketak izan dira baina ttikiak. Gizonetan lagun batez gora egin du eta emakumeetan berriz lagun batez behera. Lehenen kasuan joan den hilabete bukaeran 28 ziren lan bila zebiltzanak eta bigarrenen kasuan 22.

Arloei dagokionez, arlo guzietan langabeziak behera egin du. Salbuespen bakarra, sekulan lanik egin ez duten pertsonena izan da. Hauek gora egin dute 4 lagunez. Doneztebeko bulegoan apuntatuak 22 ziren pasa den hilabetea bukatzean. Lana aurkitu dutenen artean gehienek, 12 hain zuzen ere, industriaren arloan egin dute, bertze 12k eraikuntzan eta zerbitzuan eta azkeneko 2ek Nekazaritzan. Urriaren hasieran lan bilatzen zutenen artean, 335ek zerbitzuen arloan egiten zuten, 159 industrian, 42 eraikuntzan, 5 nekazaritzen eta bertze 22ak inoiz lan egin ez duten sailean apuntatuak ziren.

Garai berean, joan den urtean, langabeziaren ehunekoa goragoa zen gure eskualdean. 596 ziren Doneztebeko INEMen apuntatuak, aurten baino 33 gehiago. Urte batez langabezian diren lagunen kopurua %5,5az jaitsi da.

Nafarroako herrialde osoari begira, langabeziak behera egin du baina eskualdean baino guttiago. %2,6az jaitsi da baina 20.000 lagunek lana bilatzen segitzen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun