Sunbillan gero eta karroza hobeak egiten dira

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 22a

Juanjo Ibarra ageri da goiko argazkian, txinatar jantziarekin. Bere ustez, Sunbillako karrozen etorkizuna eta kalitatea segurtatua dago, gazteek lan egiteko ilusioa eta gogoa dutelako. ttipi-ttapa

Juanjo IBARRA

Sunbillan karrozak prestatzen beteranoetako bat zara. Zein urtetan hasi zineten egiten eta zergatik? Zein izan zen lehendabiziko karroza hura?

Orain dela 23 urte inguru egin genuen lehendabiziko karroza. Zergatik? Berriz ere iñauteriak berreskuratzeko asmotan eta bidenabar ongi pasatzeko. Gure lehenbiziko karroza «papa-mobila» izan zen. Bertan Aita Santuak (ni), kardenalak (Zubito), txoferrak eta bizkartzainek osatzen genuen karroza. Guk karroza horreri licuadora deitu genion… zergatik? Aita Santua goitzen zelako eta zumo ponticife-a bajatzen zelako.

Geroztik hainbat karroza prestatu izan dituzue. Zein da gehien gustatu zaizuna? Eta ikusten zegoen jendearen aldetik arrakasta gehien izan zuena?

Denak gustatu zaizkit, baina bat aipatzekotan, eta lan haundia eman zuena, Santiago Compostelako katedrala izan zen. Duela 2 urte egindakoa. Nik uste dut jendearen aldetik lehenengo urtean egindako Aita Santuarenak oroitzapen hagitz onak utzi zituela eta aunitz gustatu zela, nahiz eta orain egiten diren karrozak hobeak izan generalean.

Zenbat denbora behar izaten duzue horrelako karroza bat egiteko?

Horrelako karroza bat egiteko bi hilabete inguru behar izaten da eta gutti gora behera lehengo 150.000 eta 200.000 pezeta artean, inguru horretan gastatzen da. Hor sartzen dira materiala, musika ekipoa eta jantziak.

Orain hainbat eta hainbat karroza ateratzen dira Sunbillan. Zergatik izaten du horrelako arrakasta?

Lehenbizi herriko gazte eta heldu guztiak elkartzen garelako giro on batean eta ilusio hagitz haundia badelako. Eta giro horretan, nahiz eta lan haundia izan, gustura egiten da eta hori kutsatu egiten da. Arrakasta karroza aunitz dagoelako eta urtetik urtera badelakoz kuriosidade bat zer aterako den ikusteko, horrek jendea erakartzen du.

Zaharrenetakoak gelditu zarete zuen kuadrilakoak… Gazteen aldetik etorkizun ona ikusten diozu Sunbillako karrozei?
Bai, hagitz ona. Aspaldiko urtetan ikusten da gazteek ere ilusioa eta lan egiteko gogo haundia dutela eta karrozen mailan nabaritu da hori. Eta gainera, animatu egin behar da gazteei horrela segitzeko, etorkizuna beraiek baitira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun