Ituren, Aurtiz eta Zubietako iñauteriak

ttipi-ttapa 2006ko urr. 2a, 17:53

eti bezala, ortzegunean, urtarrilaren 27an joaldunek eginen duten lehen puxka biltze eta afariarekin hasiko dira Iñauteak Aurtitz, Ituren eta Zubieta aldean. Larunbatean izanen dute segida, afaria eta dantzaldia egiten baita egun horretan. Igandean, jantzi osoa paratuz, lehen ibilaldia eginen dute joaldunek karrikaz karrika.

Joaldunen joan-etorriak

Astelehenean, urtarrilaren 31n, mozorro eta karrozek lagunduta joaldun zubietarrek eta aurtiztarrek bisita eginen diete Iturengoei. Lasagako Zarandia parean, Aurtiztik heldu den bidetik agertuko dira, eta joaldun guziek batera, herriari buelta emanen diote. Asteartean, otsailaren 1ean, Ituren, Aurtitz eta Lasagako joaldunek bisita bueltatuko diete zubietarrei, urtero-urtero, batzuen ustez natura ernatzeko eta uzta berri eta ugarriak emateko egiten den ohiturari eutsiz. Asteazkena lasaiagoa izaten da, bakoitza bere herrian gelditzen baita, eta bazkari eta afarien artean besta egiteko eta azkeneko gau eta egun luzeetan gertatutakoen balantzea egiteko erabiltzen dena. Aurtitz eta Iturenen, halere, etxez etxe dirua eta puskak biltzen eta kaferen bat hartzen ibiltzen dira gazteak.

Kontuen eguna

Kontuen eguna izaten da, hain zuzen, Iñauteetako azkena. Egun horretan ez da joarerik jotzen. Zubietan asteakenean egiten dute. Iñauteak akitu eta hurrengo larunbatean egin ohi da Iturenen eta Aurtizen, aurten otsailaren 5ean izanen da. Iturenen bazkaria izaten dute Herriko Etxean. Bazkaldu aitzinetik bertsolariak eta aizkora apostua izanen dute herriko plazan.

Bazkaldu ondotik dantzaldia izanen da eta, mozkorraldia izugarria ez bada, bederen, bestarekin segitzeko aukera dago, afari eta dantzaldian. Aurtitzen xaharrek afaria egiten dute eta Iturenen kontuen afaria, iñauteak heldu den urtera arte agurtuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun