Sunbillako iñauteriak

ttipi-ttapa 2006ko urr. 2a, 17:47
Urteak joan, urteak etorri, karroza ikusgarriak plazaratzen segitzen dute Sunbillako gazteek. Duela urte batzuk, Frantziako Tourreko malda ikaragarrietan ibili ziren txirrindulari saiatuak. Bidasoa er

Igande honetan, azken urteotako iñauteriek izan duten arrakasta ikusita, berriz ere jende pila bilduko da Sunbillako karriketan. Ikusleek, gainera, hotzari aurre egiteko pintxoren bat eta salda bero pixko bat jan-edateko aukera izanen dute, sunbildarrek horretarako espres egiten baitute karroza bat. Baina igandea iñauterietako azken eguna da Sunbillan. Aitzinetik ere aski asteburu mugitua izaten dute sunbildarrek, ortziral goiz-goizetik hasita:

Ortziralean, puxka biltzea eta emakume afaria

Ortziral goizeko 9etan abiatuko dira iñauteriak, Itturburu ostatuan abiatu ere. Hantxe bilduko dira gazteak gosari ederra egiteko. Ondotik, baserrietara joanen dira urteroko eskea egitera bi taldetan banatuak, Modesto eta Joxe Angel akordeolariekin. Etxe guzietan ederki hartuko dituzte eskean etorritakoak, dudarik ez, bainan bereziki Istolan eta Exkerneko bordan. Izan ere, eguerdiko 2etan bazkaria eginen dute bi baserri hauetan.

Arratsaldeko 5etan txokolatada izanen da Ulibeltzak elkartean haurrentzat, Mikel Salaberriren musikarekin. 4etatik 6etara arituko da akordiolaria Ulibeltzak elkartean, eta gero, udaletxera joanen da. Dantzaldia arkupetan izanen da, bai haurrentzat eta bai helduentzat arratseko 8etatik 10ak arte. Arratseko 9,30ak aldera, gazteek Itturburu ostatuan afalduko dute, eta emakumeek, berriz, Ulibeltzak elkartean. Ondore, sorpresa eta dantzaldia izanen dute Salaberrirekin. Erran behar da gazteek eta emakumeek ez ezik, eskolako neska-mutikoek ere ederki gozatzen dutela egun honetaz, mozorrotuak joaten baitira eskolara.

Larunbatean gazteak goizeko 9etarako Iruribietan bilduko dira gosaltzeko, eta ondotik herrian barna aterako dira eskean, goizean Modesto eta Mikel Salaberrirekin. Eguerdian, eskean ibili direnek Fondan bazkalduko dute. Arratseko 8etatik 10etara dantzaldia izanen da arkupetan Modestorekin. Arratsean Elor-txuri hotelean afalduko dute gazteek.

Aitzineko bi egunetan bezalaxe, igande goizeko 9etan gosaltzeko bilduko dira sunbildarrak, oraingoan koadrila bakoitza bere txokoan. Herria bisitariz beteko da laster, eta sunbildarrak karrozak hartuta herrian barna desfilean ibiliko dira. Aitzineko hilabeteetan egindako lana erakusteko ordua da, karroza horiek ez baitira egun batetik bertzera prestatzen. Goizeko 11:30etan abiatuko da desfilea. Opilak, gaztainak, hezur salda, tortilla eta ardoa banatuko zaie ikusleei, gazteek egindako lanari esker. Bazkalondoan Jalisko Band taldearen musika izanen dute giroa alaitu eta iñauteriak ongi akautzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun