Ezkontza antolatzeko ideia originalak

ttipi-ttapa 2006ko urriaren 2a

ttipi-ttapa

Honelako ospakizun instituzionalizatu batean gehiengoarengandik nabarmentzea zaila da. Hala ere, segidan azalduko dizkizuegu ospakizunaren aurretik, bitartean eta ondotik, irudimenari leku uzten dioten eremuetan, detaile atsegin bat ematen lagun dezaketen ideia batzuk:

- Otordu bukaerako oroigarria: Orain ia inor ez da gizonezkoentzako puruak eta emakumezkoentzako oroigarri grabatua ematera mugatzen. Arlo honetan aukerak benetan mugagabeak dira; bonboiak oparitu daitezke, larruzko eskumutur unisexak, ezkonberrien urtebetetze egunak eta ezkontzaren urtemuga azaltzen direneko agenda, fruitu tropikalekin betetako saskitxoa, ezkontza eguneko data duen loteria dezimoa, bikoteren gustuko abestiekin grabatutako CDa, perfumea, lore berezi bat…

- Lagun diseinatzaile bat izanez gero, zuen inizialen diseinu bat oparitzea eskaiozue, bikotearen irudi bereizgarri bat. Gonbidatuentzako arras deigarria izanen da.

- Zuen ezkontza eguna herriko festa nagusien egun berean ospatzea ezkontza antolatzeko orduan kaosa izan daiteke, baina esfortzu horrek mereziko du kanpotik etorritako gonbidatuek jai giro izugarriaz gotzatzen dutenean.

- Bikotea ezkontzara eramaten duen autoa: ibilgailua bikotearen izakerari egokitu behar zaio: bikote ekologista bada, zergatik ez tandem batean iritsi? Originala izatea da kontua, sidekarrean irits daiteke, zaldi-orga batean, Las Vegas estiloko auto batean edo Harley Davidson batean. Beste aukera bat autoa margotzea da, grafitiekin apaintzea, beti ere, gero garbitu daitekeen pintura erabiliz. Aukerak mugagabeak dira: lerroko patinetan iristea, elurra egin baldin badu trineoan, estilo ingeleseko taxi batean… dena gure irudimenaren baitan dago. Eta autoa aparkatu eta denak elkarrekin joatea nahi badugu, zergatik ez tren txiki komertzial horietako bat alokatu? Honekin ziur ongi pasako duzuela!

- Ohitura batzuetatik ihes egiten saiatu: adibidez, loreak lorontzietan jarri beharrean, zergatik ez lurrean edo liana trentzatu moduan jarri? edo elizatik ateratzerakoan arroza bota beharrean, zergatik ez petaloak edo xaboi burbuilak bota?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun