Nafarroako gune turistiko nagusiak izandako bisitari kopuruak zabaldu berri dituzte egun hauetan. Gure eskualdeari dagokionez, kopuru baikorrak izan ditu Bertizko Natur Parkeak. Denboraldi huntan 52.000 lagun hartu ditu, joan den urtean baino 5.800 gehiago. Bisitarien kopurua %10ez goitu da urte batez. Aurten, Nafarroan, bisitari gehien izan duen tokia Xabier izan da. Frantzisko Xabier Santuaren heriotzaren bostehungarren urteurrenaren ospakizunak baliatuz joan den urritik hunat milioi bat lagun baino gehiago pasatu dira Xabiertik, eta urte hasieratik dagoeneko 990.000. Oliteko Gaztelua 116.000 lagunekin, Bardeetako Senda Viva parkea 90.000 lagunekin eta Mendukiloko leizeak 19.000 lagunekin, dira bisitari aunitz izan dituzten gune adierazgarrienak. Turismoaren osasun ona adierazten dute ere Nafarroako turismo bulegoek izandako bisitarien kopurua. Aurten hauetatik Nafarroa osoan 182.000 lagun pasatu dira, joan den urtean baino 14.000 gehiago. Bidenabar Nafarroako Gobernuak jakinarazi du, Kultura eta Turismo Sailetik 1,1 milioiko euroko diru laguntza zuzenduko dela produktu eta bizitoki turistikoak sortzeko.