Igantzik irabazi zuen Herriz Herriko bigarren konbinatua

Aitor AROTZENA 2006ko irailaren 28a

Igantziko herri kirol taldeak bere lan gogorraren fruitua bildu du oraingoan ere. TTIPI TTAPA

Gure Txokoak ere parte hartu du aurtengoan

Nafarroako herriz herri txapelketaren finala irailaren 16an jokatu zen Lantzen. Lehen proba konbinatuan, koxkor biltzea, zaku lasterketa, aizkora, korrika eta arpana biltzen dituenean, gure eskualdeko taldeak, Igantzi eta Gure Txokoa, ez ziren finalerako sailkatu, baina elkarren artean neurtu ziren laugarren posturako. Jardunaldi gehienetan bezalaxe Igantziarrak nagusitu ziren, azken postua beratarrei utziz. Proba konbinatu horretako finala Garralda, Berriozar eta Ultzamako taldeen artean jokatu zen. Larunbatean Garraldakoek, azkarrenak izanez, txapela jauntzi zuten. Bigarren postua Berriozarko taldearentzat izan zen eta hirugarrena Ultzamarrentzat.

Bigarren proba konbinatuari dagokionez neurketa ez zen manera berdinean egin. Lantzekoa, bosgarren jardunaldia baizik ez zen izan eta txapela bortz horien denborak bateratuta erabaki zen. Proba honek, indarreko hiru joko biltzen zituen, harrijasotzea, txingak eta ingudeak. Azken jardunaldi honetan, berriz ere Igantziarrak nagusitu ziren, eta ondotik Ultzamarrak. Hirugarren postua Garraldako taldearentzat izan zen. Gure Txokoakoek laugarren tokia lortu zuten Berriozartarren aitzinean. Bortz jardunaldiak kontuan hartuta, sailkapen orokorrean Igantziarrak izan ziren hoberenak, bigarren Garraldakoak eta hauen segidan, podiuma osatuz, Ultzamakoak. Lantzeko jardunaldian bezala sailkapen orokorrean ere, Gure Txokoakoek laugarren postua lortu zuten Berriozarko taldearen aitzinean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun