Izaskun Ariztegi eta Lourdes Galarregi etxalartarrek irabazi dute Nafarroako arpanlari txapelketa

Aitor AROTZENA 2006ko urr. 3a, 12:36
Lourdes Galarregi eta Izaskun Ariztegi etxalartarrak gustora ageri ziren Nafarroako arpanlari txapelketa irabazi ondotik, Panttaleon Errandonea eta Mikel Bertiz prestatzaileekin batera. TTIPI TTAPA

Irailaren 24an Uharte-Iruñean jokatutako finalean erabat nagusi izan ziren

Izaskun Ariztegi eta Lourdes Galarregi etxalartarrek Nafarroako emakumezkoen arpanlari txapelketa irabazi zuten irailaren 24an Uharte-Iruñean. Lehenbiziko partehartzea zen Etxalarko bikotearentzat eta lan bikaina egin zuen. 45 ontzako enborrari hamar korte emateko 8 minutu eta 16 segundu behar izan zituzten eta 2 minutu eta 41 segunduko aldea atera zioten bigarren izan ziren Maitane Txueka arbizuarrari eta Susana Agerre antsoaindarrari. Hirugarren postua Lezaungo Itziar Nuñez eta Ana Lopezentzat izan zen eta laugarrena Orkoiengo Begoña Armendariz eta Beatriz Urrizolarentzat.

Unai Otaño nagusi Eskal Herriko bigarren mailako aizkolari txaopelketan

Uharte-Iruñeko jaialdian, Euskal Herriko bigarren mailako aizkolari txapelketako finala ere erabaki zen. Unai Otaño gipuzkoarra nagusitu zen, Lezaungo Juan Jose Lopezen aitzinetik. Biek, lehendabiziko mailan aritzeko eskubidea izanen dute heldu den urtean.

Hirugarren postua Jose Etxebestek eskuratu zuen, laugarrena Jose Angel Zubiagak, bosgarrena Jesus Mari Mujikak eta seigarrena Aitor Senosiainek.

Azkenik, Nafarroako bigarren mailako arpanlari txapelketa aisa irabazi zuten Peio Kañamares eta Julen Kañamares anaiek. Asier Urbistondo eta Mikel Goldarazenari 2 minutu eta 48 segunduko aldea atera zieten. Kañamares anaiak lehen mailan arituko dira heldu den urtean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun