Herriko hiru gaztek parte hartu dute Munduko pilota txapelketan

Franck DOLOSOR 2006ko irailaren 28a

Eneko Bessonart Mexikon jokatu duen pilota partida batean. TTIPI TTAPA

EPB elkarteak eta pilota federazioak hitzarmen historikoa sinatu dute

Senpereko hiru gaztek, Magalie Comet, Olivier Haroçarene eta Eneko Bessonart-ek, parte hartu dute buruilaren 16tik urriaren 1erat Mexikon egin den pilotako munduko hamabortzgarren lehiaketan. Paletan, trinketean esku huska eta 36 metrako ezker paretan ari dira hiru kirolariak. Buruilaren 16tik 23rat Acapulcon zen hitz ordua eta 22tik urriaren lehenerat Mexiko hirian. Emaitzak gazi gozoak izan dira batzuentzat. Eneko Bessonart-ek garaipena eta galtzea ezagutu ditu konparazione. Eneko Bessonart-Mikel Poueyts (Miarritze) parea 22-17 nagusitu zitzaion Pedro Olivos Jimenez eta Felix Orlando Tapia Medina mexikarreri. Egun batzuk berantago aldiz kontrakoa gertatu da. Finalerditan 22-19 galdu dute Bessonart eta Poueytsek Pedro Olivos eta Silverio Landaren kontra. Aurten ere euskal selekzioak ez du tokirik izan munduko txapelketan

Ipar Euskal herriko kirolariek Frantziako koloreak zituzten eta hegoaldekoek Espainiakoak. Bertzalde, munduko txapelketaren hastapenaren bezperan akordio historikoa sinatu zuten Baionan EPB elkarteko eta pilota federazioko arduradunek. Sinatze horrekin, bi urteko gatazka haundiari bukaera eman diote.Gogoan izan, ez adostasunengatik Iparralde osoko pilotari andana bat haserretu zirela federazioarekin. Kirolariek beren lizentziak turnatu zizkioten federazioari eta EPB elkarteak antolatu zituen partidetan parte hartzen hasi ziren.

Gan den urteko hazilan, Frantziako kiroletako ministroak bitartekari bat izendatu zuen gatazka konpontzeko. Akordioa sinaturik hemendik goiti pilotariek lizentziak hartzen ahalko dituzte berriz. Heldu den urteko urtarrilean hasiko diren Frantziako txapelketetan esku hartuko dute berriz ere. Bi erakundeen arteko elkarlana zoin izanen den zehazten du bi urteko hitzarmenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun