Itturrondo elkarteak, hainbat herritar eta udalaren laguntzarekin besta ederra antolatu du urriaren 7rako. Arratsaldeko 5etatik aitzinera hasiko dira ikuskizunak. Lehenik zazpi eskulangile arituko dira plazan euren lanak erakusten (Florentino Ibarra, Miguel Urroz, Iñaki Gallo, Santiago Hualde, Juan Pedro Goñi, Bittoriano Arzuaga…).
Arratsaldeko 6etatik 8etara, aizkora probek hartuko dute txanda, eta bertzeak bertze Mikel Mindegia, kanakoa mozten arituko da. Apostua ere jokatuko dute, Jose Antonio Loiarte eta Antonio Jaunarenak, Donato eta Oihan Larretxea aita-semeen kontra. Herriko 4 bikote ere arituko dira (Jon Telletxea-Alejandro Mindegia, Jose Luis Telletxea-Tito Etxeberria, Jose Telletxea-Xabier Mindegia, Peio Telletxea-Jacinto Etxekolonea). Sei kanaerdikora lehia izanen dute. Zubietako Joaldunak ere ibiliko dira karrikaz karrika giroa animatzen.
Ortziral arratsaldeko 8ak aldera jarriko dute plazan larunbat arratsean afalduko duten aretzea erretzen. Kanalean 300 kilo inguru izanen duen aretzea prestatuko dute eta oso-osorik erreko dute. Herriko bizpahiru lagun arituko dira erretzaile lanetan, laguntzaileak aparte, eta 20 ordu inguru eramanen omen die behar den bezala erretzeko.
Herritar gehienak ez ezik inguruko herrietatik ere jende andana hurbilduko da afarira urriaren 7an. Afarirako txartelak Itturrondo elkartean eta Herriko Ostatuan salgai daude. Afal ondotik, Trikidantz taldearekin gaupasa izanen da.