Urtea akitu baino lehen eman nahi dituzte Igantzi eta Irun arteko N-121Ako lanak

ttipi-ttapa 2006ko ira. 28a, 17:25
Utzitako argazkiak

Zati osoa 2009ko maiatzerako eginen omen da

Alvaro Miranda Nafarroako Herri Lan, Garraio eta Komunikabidetako kontseilaria eta Javier Zuriarrain Gipuzkoako Diputazioko Bide Azpiegituretako diputatua Iruñean bildu ziren irailaren 22an.

Bertan aipatu zutenez, urtea akautu baino lehen eman nahi dituzte Igantzi eta Irun arteko N-121A errepideko berritze lanak: Igantzi eta Bera arteko 7,9 kilometroko zatiaren eraikuntza proiektua onartua dago; Bera eta Endarlatsa arteko 2 kilometro terdiko zatia urrian onartu nahi dute. Endarlatsa eta Irun arteko proiektua ere irail hondarrerako akautu nahi zuen Gipuzkoako Diputazioak. proiektu honen arabera, Gipuzkoako zatiko 6 kilometroen %60a bide berria izanen da, bi tunel eginen dira eta txirrindulariendako bidea ere egokituko da. Endarlatsako zubiari dagokionez, 13 milioiko aurrekontua izanen du eta erdibana ordainduko dute Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Diputazioak. Proiektua urrian onartzea espero da eta gainerako lanekin batera emanen da. Proiektuaren egilea, 2005eko Bianako Printzea kultur saria eskuratu duen Javier Manterola arkitektu nafarra da.

Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuarekin bildu aitzinetik, Alvaro Miranda Bortzirietako alkateekin elkartu zen, proiektuen egoera azaltzeko. Kontseilariak aipatu zuenez, lan guziak 2009ko maiatzerako akautuko dira. Vicente Arotzena Arantzako alkatea baikor ageri zen bileraren ondotik: «Lan guziak akautzeko bi urte terdiko epea jarri dute eta espero dugu hori betetzea, baina badakigu honelako gauzak nola izaten diren. Tarte horretan traba dexente izanen dira errepidean, baina gero denon onerako izanen da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun