Azken urteotan Usategietako igandea ospatzen den igande berean izaten da Nafarroa Oinez, baina aurten Beran eginen denez, Usategietako Igandea aste bat aitzintzea erabaki dute antolatzaileek. Horrela, igande honetan, urriak 8, eginen da Usazaleen besta handia. Urteroko egitarau bera errepikatuko da.
Goizean Usategietan barna bueltaxka egiteko aukera izanen da, eguraldiak laguntzen badu, eta arratsalderako hainbat ekitaldi antolatu dira. 5:30etan Josu Goiak eskultura bat inauguratuko du. 6etan euskal mitologiaren inguruko antzerkia eginen da Arburua gibeleko aldean eta 7:30etik aitzinera musika izanen da plazan Trikidantz taldearen eskutik. Altxata Kultur Elkarteak eta Andremari Dantza Taldeak barra paratuko dute frontoian pintxo, talo eta edariarekin.
Gazteen besta larunbatean
artxari segituz, aurten ere “Gazteen Eguna” izanen da Usategietako Igande bezperako larunbata. Joan den urteko arrakasta ikusita, patata tortilla txapelketa eginen da arratsaldean. Ondotik, pintxo-jatea izanen da frontoian. Koadrila bakoitzak eramaten duenarekin eta lehiaketan aurkezten diren tortilla guztiekin afaria eginen da. Sagardo-kupela ere paratuko dute frontoian. Joan nahi duten guztientzat irekia dago. Arratsean berriz, kontzertua izanen da Herriko Ostatuan Ehiztari eta Urgabe taldeekin.