Bidasoaldeko Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiko sariak banatu ziren Elizondon

ttipi-ttapa 2006ko irailaren 28a

Bidasoaldeko bederatzigarren zinemaldian sariak jaso dituztenak. Utzitako argazkiak

Urrezko Iratzea Rafa Piquerasen “El Mejor mecanografo del mundo” filmak irabazi zuen

Elizondoko Lur Dantzalekuan egin zuten irailaren 15ean Bidasoaldeko Film Laburren IX. Nazioarteko Zinemaldiaren bukaerako ekitaldia. Aurtengo edizioari agurra emateako tangoaren munduan oinarritutako ikuskizuna prestatu zuen Jexux Bailonek. Mirentxu Goienetxe, Itziar Obregozo eta Kepa Lazaro aktoreek, Adriana Olmedo kantariak eta Javier Bruna kitarra joleak parte hartu zuten, Marijo Garmendiak aurkeztutako saioan. Isabel Osakar eta Saioa Salabururen laguntza izan zuten makilaia eta ileapaintze lanean.

Sariei dagokienez, obra hoberenaren Urrezko Iratzea eta 4000 euroko saria, Rafa Piquerasek zuzendutako “El mejor mecanógrafo del mundo”k eraman zuen. 18 minutu irauten duen obra honetan, Ernesto Casanova da protagonista nagusia, 35 urteko mekanografoa. Abokatu bulego batentzat lan egiten du eta bere nagusiaren idazkariaz maiteminduta dago. Filma monotonia goxoan iragaten da, nagusiak ordenagailu bat erosten duen arte. Orduan Ernestok bukaera hurbiltzen ari zaiola ohartzen da.

Mario Iglesiasek zuzendutako “Madres” filmak eskuratu zuen bigarren saria, hau da Zilarrezko Iratzea eta 2000 euro. Giro tristea nagusia den film honetan, Julia margolaria bere alabarekin bizi da Galiziako kostaldean. Duela gutxi hil zaio senarra eta bigarrenaren haurdun dago. Behin andre bat heldu zaio, hila den bere semeaz erretratu baten eskatzeko. Lan berezi horren burutzeko ez du ezta argazki baten laguntza ere izanen. Obra honek publikoaren saria ere eskuratu du.

Sei Brontzezko Iratze

Bi sari horiez gain, arloen arabera, Brontzezko bertze sei Iratze banatu ziren. Gai naturalista edo giza baloreak hobekien jorratzen dituen filmaren irabazlea, Daniel Chamorrok zuzendutako “Solo para Chelo” izan zen.

Animaziozko lan hoberenarena Jorge Laplaceren “Palomita Mia”k eraman zuen.

Akitania, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako film hoberenarentzat ere brontzezko iratze bat aurre ikusi zen. Aurtengoa Igor Zabala eta Xabier Etxandia zuzendariek aurkeztutako “Argentina”k irabazi zuen.
Aktore hoberenak ere Brontzezko Iratze bat irabazi du. “Morir, dormir, soñar” filmean aritu diren Miriam Montilla eta Ana Walgenerek konpartitu behar izan zuten saria.
Diru saririk ez zuten Brontzezko Iratzeei dagokienez, argazki hoberenaren saria Eduardo Chaperok zuzendu duen “Contracuerpo”ri eman diote eta, aipatu bezala, «Madres»i publikoaren saria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun