Heldu den larunbatean, Bidasoaren Eguna antolatu dute Bertiz Partzuergoa eta Aizkolegi taldeak. Jardunaldia 2001. urteaz geroztik egiten da Bidasoa ibaiaren bazterrak garbitzeko. Bertze behin ere, bi entitateek lan horretan parte hartzeko deialdia zabaldu die eskualdeko herritar, elkarte eta eskola guziei. Ingurumen Baliabideen Zentroak kudeatzen duen lana eta Territori y Paitsage de Caixa Catalunya fundazioak finantzatzen duen egunean, Baztandik Beraraino Bidasoan botatzen diren zikinak bilduko dituzte taldeka banaturik. Antolakuntzak garbiketa lana betetzeko behar diren tresna guziak laguntzaileen esku utziko ditu, baina nahitaezkoa da jakitea zenbat lagun parte hartuko duten erantzukizun zibileko asegurua egin ahal izateko. Hori dela eta, antolatzaileek eskertuko lukete, parte hartzeko asmoa dutenek 606 431 357 izena ematen ahal balute. Aitzineko urteetako edizioetan eskualdeko jendeen parte hartzea ona izan da baina bi elkarteetatik jakinarazi dutenez ez da inoiz laguntza gehiegirik izaten ikusiz zenbat basura botatzen diren erreketara. Egunean berean, garbitzaileak taldeka banatzen dira eta bakoitzak arduradun bat izaten du. Lanean hasi aitzin, ezbeharrik ez gertatzeko hartu beharreko neurriak azaltzen zaizkie laguntzaileei. Bidenabar bildutakoa birziklatzen delako, koloredun zakuak zertarako izaten dire zehazten da.
Azken 5 urteei begira balantze baikorra egiten dute antolatzaileek. Jendeen laguntza lortzeko gogor lan egin behar badute ere, urtetik urtera, Bidasoaren Eguna azkartuz joan da.