«Emakumeok ahantziak gaude eta gure mundu hori garatu nahi dugu»

Xan Harriague 2006ko irailaren 22a

Silvia OLAIZOLA Urdazubiko Ugarana Emakume elkarteko kidea Xan Harriague

• Landa Eremuko Emakumeen zortzigarren topaketa eginen da Urdazubin urriaren 29an.

• Urdazubiko Ugarana Emakume Elkarteak antolatu du ekitaldia, Nafarroako Gobernuko Emakumearen Institutuaren, Nafarroako Kutxaren eta Urdazubiko Udalaren laguntzarekin.

• 2000. urteko martxoan sortu zen Urdazubiko Ugarana Emakume Elkartea. Geroztik, ikastaroak, solasaldiak eta bertze hainbat ekitaldi antolatu dituzte urtero.

Landa Eremuko Emakumeen Topaketa antolatu duzue. Zein da topaketa honen helburua?

Nafarroan urtero egiten da horrelako bilera-elkarrizketa, erran dezagun. Emakumeen artean esperientziak kontatzeko eta ikastaroak edo bertze zerbait antolatzeko biltzen gara. Emakumearen mundutxo hori lagundu eta garatu nahi dugu, pixko bat ahantziak bait gaude.

Horretarako egitarau berezia antolatu duzue… Zer eginen duzue urriaren 29an?

Goizeko 11:00etatik 11:45etara autobusak iritsiko dira eta partehartzaileei harrera eginen zaie plazan. Urdazubiko errota bisitatzeko aukera ere izanen da. Eguerditan, Salbatore elizan ongietorria eginen da; agurra eta diaporamaren bidez Urdazubiren aurkezpena eginen da, Nafarroa osoko elkartetako emakumeak etortzen baitira. 12:30etan antzezlan ttiki bat izanen da. Oihulari Clown antzerki taldeak landa eremuko emakumearen egoerari buruzko hausnarketa ironikoa eginen du. Oren batean Dantxarineako bentak ikustera joanen gara, jendeak jakiteko nola lan egiten den hemen eta nondik bizi garen. Bisita librea izanen da 14:30ak arte eta ordu horretan bazkaria izanen dugu Ugarana jatetxean. Bazkalondoan dantzaldia izanen da eta kitto! Denak etxera! 18:30etan abiatuko dira autobusak itzulian.

Elkarteen arteko harremanak sakontzeko baliagarria izanen da egun hori. Nongo emakumeak espero dituzue?

Nafarroa guziko emakume elkarteekin harremanak ukan nahi ditugu. Tutera, Iruña, Uharte… leku aunitzetatik etorriko dira. Normalean, leku handietan biltzen garenean 700 bat emakume biltzen gara, baina hemen bazkaria emateko leku ttikia dugunez, 350 lagun inguru izanen gara.

Zure ustez, gure eskualde honetan nolakoa da emakumearen egoera?

Nere ustez, pixko bat aparte gaude emakumeak inguru honetan, ahantzita, ez dira guretaz sobera oroitzen. Baina halere, zerbait egiten eta antolatzen saiatzen gara beti.

Urdazubiko Ugarana Emakume Elkarteak antolatzen du topaketa hau. Noiz sortu zen elkartea eta zein ekitaldi egiten dituzue?
2000. urteko martxoan sortu zen elkartea. Nola ateratzen zen ikusteko hasi ginen eta emaitza ona izan dugu. Hasi ginelarik 32 emakume biltzera ailegatu ginen, baina orai gutti izaten gara, 12-15, ez da gehiago etortzen. Ikastaroak egiten ditugu, solasaldiak… Denetarik pittat. Duela gutti arte josten erakusten zen eta aurten brikolaje ikastaroa egin dugu, beti gizonen ondotik ez ibiltzeko.

Etorkizunera begira bertze zerbait antolatzeko asmorik baduzue?
Zaila da. Jendea ez da animatzen eta horrek guri ere animoaz hozten dizkigu. Bildu eta ikusiko dugu zerbait interesgarria antolatzen ahal dugun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun