Gaurtik igandera besta ttikiak ospatuko dituzte Donezteben. Herriko ostalaritza, udala eta Gazte Burrunba kultur elkarteak bat egin dute dira 3 eguneko egitarau anitza antolatzeko, eta gaur arratsaldeko 20:00etan suziria botako dute besta ttikiei hasiera emateko. Ondotik, herriko karriketan barna ibiliko dira kalejiran. Aurten ere Santamaria jatetxean, zopak jateko aukera izanen da. Lehen eguna bukatzeko kontzertua egonen da Santa Luzia plazan, Erru Gabe, Leitzako talde bat eta Trikidantz taldeekin.
Bihar goizean Bear-Zana txarangak iratzarriko du herria 9:30ean. Azpimarratu behar da musikari hauek direla, duela 15 bat urte bestetan aritzen zirenak, eta hitzordu horrentzat bereiziki bildu direla berriz. 11:00etan, iaz bezala paella txapelketa antolatu dute Santa Luzia plazan, eta ondotik, egindakoa bazkalduko dute. Mahaitik mugitu gabe, bazkal ondoan, musean eta partxisean aritzeko parada izanen da nahi dutenentzat. Gaur arratsean bezala, bihar arratsaldez eta gauez bazterrak alaituko ditu Trikidantz taldeak.
Igandean, Agorreta Musika eskolako haurrek egindako argi soinuekin hasiko dute eguna. Ondotik 10:30an, kirolaren tartea izanen da Doneztebeko futbol taldeak antolatuko duen partiduarekin. 12:00etan, herriko txistulariek egindako kalejira eta gero, Miguel Deunaren omenez meza emanen da Ermitan, eta ondotik, hamaiketakoa eskainia izanen da pastak eta ardoarekin. Arratsaldean, 16:00etan, puzgarriak ekarraraziko dituzte Bear Zana pilotalekuan haur gazteek ere gozatu ahal izateko. 19:30ean Joxe Angelek besteei bukaera emanen die dantzaldiarekin. Hiru egun hauetan, doneztebearrek ez dute aspertzeko astirik izanen.